Xaburuko kondesaren hortzordeen abenturak (12)
XII- Dantzaldiaren hasiera Hiruzpalau aria abestuta, Luiggi Portamento tenore handia atseden hartzera erretiratu zen, dantzaldiaren ostean bueltatuko zela aginduta. Beraz, oraindik bazegoen esperantzarik: bigarren zati horretan Donizzetiren Ah! mes amis kantatu behar zuen. Denek pentsatu zuten aria horretan lehertuko zela, bederatzi do ospetsu haietako batean. Kantaldiaren lehen zati hori pazientzia infinituz entzunda, Xaburuko kondesa irrikaz zegoen, dantzaldia noiz hasiko. Hontz-begiez azken izkinaraino arakatu zuen aretoa. Non zegoen kondea? Inon ez! Musikariak bai, hantxe zeuden, dantzaldiari hasiera emateko prest. Suitzar erloju baten puntualtasunaz hasi ziren lehen balsa jotzen. Kondesak inbidiaz begiratu zien dantzalekura atera ziren bikoteei. Hantxe ziren damarik desiratuenak; hantxe galairik galantenak. Hantxe ziren soineko garestiak eta harribitxi distiratsuak. Han barruan asperdurak ez zuen habiarik. Eta, hala ere, kondesa aspertzen hasita zegoen. Amorrazioa mastekatzen zuen aho barruan, irentsi ezineko ore likitsa, eta hortzorde madarikatuei egotzi zien ernegu astun haren errua. Ezinegonak itsuturik, haginak karraskatzen hasi zen, halako moduan ezen orkestrari falta zitzaion perkusio instrumentua ziruditen. Eta, bat-batean…
Iruzkinak
Utzi iruzkina: