Xaburuko kondesaren hortzordeen abenturak (11)
XI- Tenorearen tenorea
Puntuan, tronpeta hotsak entzun ziren. Ate nagusian mirabe bat agertu zen, gaueko gonbidatu nagusia aurkeztera. Aulkietan zirenak zutundu egin ziren, bai baitzekiten hura pertsonaia ospetsua zela: bel cantoaren jainko handia, hain zuzen ere!
—Jaun-andreok! Hona hemen Luiggi Portamento tenore handia!
Atean agertu zenean, areto nagusiak gainez egin zuen txaloz eta laudorioz. Halako harrera beroak adoreturik, kilimusietan hasi zen, artista handiei dagozkien keinu arranditsuak eginez. Soingaineko more bat jantzita zetorren, buruan kapela zuri dotorea. Planta harekin, zirku bateko izar nagusia zirudien. Zartailua besterik ez zitzaion falta bibaka ziharduten piztia haiek guztiak otzantzen hasteko.
Aretoko harrabotsak adierazten zuenez, jaia goreneko graduan zegoen. Denak zeuden tenore ospetsua entzuteko irrikaz, eta batez ere haren agudorik agudoena eragiten omen zuen leherketaren aiduru. Zoritxarrez, ez zen ohiko gertaera izaten. Sinesgogorrenek ziotenez, dena propaganda hutsa zen, Luiggi Portamentoren managerrak asmatutako ipuina. Horren arabera, tenorea, emanaldiak aurrera egin ahala, puztuz joaten zen, globo aerostatiko baten antzera, edo erripan behera doan elur-bola gero eta handiagoaren gisan. Kontuan izanda berez zortzi arroa inguruko gantz-meta zela, erraz uler daiteke sortzen zuen ikusmina. Egia esateko, aretoan zeuden gehienek ez zioten ahotsaren gorabeherei jaramon egiten, ezpada sabelaren hazkundeari.
Jarrera horrek nabarmen uzten zuen ikusleen artean gehienak sinestunak zirela: beti ateratzen zen norbait mirariaren benetakotasunaren alde egitera.
—Zeuk ikusi duzu, ala? —galdetzen zion fedegaberen batek.
—Ez, nik ez, baina Urliak esan zidan Berendiaren ezagun baten suhiaren auzo baten emazteak behin leherketa ikusi omen zuela.
Eta omen hura froga eztabaidaezina zen gehienentzat.
—Eta non dago emazte hori?
—Zoritxarrez, hil omen zen.
Hiltzea behin betiko froga zen: haren aurka argudiorik zientifikoena gorotzaren parekoa zen.
Horregatik begiratzen zioten sabelari, denak baitzeuden eztandaren zain. Horixe zen miraria: Luiggi Portamentok, oso noizbehinka, leher egiten zuen, nota agudoren bat ematean. Haren gorputzak gasez mukurututako zeroi hilaren antzera zapart egiten zuen. Omen zuen. Eta aretoa tenorearen gorputz zatiz zipriztintzen zen. Beso zati bat lanpararen gainean, burmuin zatiak horman itsatsita, erraiak ikusleen artean sakabanaturik...
Orduan hasten zen eromena! Denak ateratzen zituzten ordura arte ondo gordetako poltsak, eta gorpuzkiak batzeari ekiten zioten, sarraskijale goseberen moduan. Izan ere, gorpuzki haiek mirakulutsuak ziren. Omen ziren. Gorputz-atal bakoitzari gaitasunen bat egozten zioten. Batzuek min fisikoa kentzen zuten; beste batzuek, min izpiritualak; hauek onak ziren min ekonomikoak konpontzeko; horiek, maitasunak eragindako zauriak garbitzen zituzten…
Eta gutiziatuenak ahots-kordak ziren. Haiek harrapatzen zituena tenorearen bertute ororen jabe egiten zen. Omen zen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: