Xaburuko kondesaren hortzordeen abenturak (10)

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2012-04-11 20:39

X- Kondesak hortzordeak harrapatzen ditu

Bitarte hartan, kondesa, loreontziko alokasiari orri bat kenduta, haren ostean ezkutaturik lerratu zen aretoan zehar, sugearen artezia berberarekin, eta, eskaileretan gora joanda, bizkondea hortzordeekin erasiaka zebilen alderantz jo zuen. Justu elkarrizketa amaitu zen istantean, eskua altxatu eta hortzordeak harrapatu zituen.

—Nireak zarete!

Eta, mugimendu azkar bat eginda, xake-matea exekutatzen duenaren keinu garaile berberaz, ahora sartu zituen hagin iheslariak. Puntuan, haren aurpegiak udako eguzkiaren bristadaz egin zuen distira: azkenean, peril guztiak uxaturik, prest zegoen dantzaldirako!

Jakina, ez zuen beste ezusterik nahi: badaezpada, ezpainak lotuta izan zituen, eta eskua haien gainean ezarri zuen, hortzorde madarikatu haien beste ihesaldi bat galarazteko.


Utzi iruzkina: