Xaburuko kondesaren hortzordeen abenturak (0)
Bihartik aurrera, Txistu y Tamboliñek egunean-egunean oraintsu arte galdutzat jotzen genuen ipuina eskainiko dizue, atalka: “Xaburuko kondesaren hortzordeen abenturak”.
Urte asko dira ipuina heldu zitzaigunetik. Hain zuzen ere, Txistu y Tamboliñ... y va, le mata y vuelve aldizkaria prestatzen ari ginela bidali ziguten. Egia esateko, bigarren zenbakia izango zen hori oso aurreratuta genuen, eta ordurako aukeratuta genituen testuen bikaintasuna kontuan izanda —Estanislao Vararen Garbiñe ipuinak egundoko arrakasta lortu zuen— eta ipuin heldu berriaren dimentsioak aldizkaria lar potolotuko zuela pentsatuta, beste baterako gordetzea erabaki genuen.
Gauza jakina da gure literatura-batzarrak garagardoz eta bestelako liluragarriz hornitzen genituela eta batzarrondoetan Goienkaleko tabernetan ibitzen ginela eromes praketako poltsikoak txanponez gainezka egin arte. Parranda haiek Gogokoa zenean amaitzen ziren, bozgorailuetan Benito Lertxundiren ahotsak zoiezie etxera, mozkor arraixuok! esaten zigunean.
Parranda hartan ipuina eskutik eskura erabili genuen, eta gure txistukide piromanoaren txiskeroa ere dastatu zuen. Azken baten, zer espero daiteke ganorabako koadrila batengandik? Hurrengo batzarrean elkarri egotzi genion ipuinaren gobernu eza, baina tenplau!, damuaren arrastoak lehen garagardoaren lurrunaz uxatu genituen-eta. Kontua da betiko ahaztu genuela Xaburu kondesa, mozkorraldiaren zulo beltz horietako batean galdu zelakoan.
Eta, urte askoren ostean, ezustea! Gure txistukide erretiratu batek, gurasoen etxera egindako bisita batean, amaren erretolika entzun behar: ganbaran gordetako kutxak jainkoarren eramateko! Kutxa haietan, gaztetako gauzak: unibertsitateko apunteak eta liburuak, aldizkari zaharrak… Eta, badaezpadako ondare hartan, aldizkari baten orrien artean ostenduta… ipuin galdua!
Gure utzikeria barkatzeko eskatuko genioke egileari, baina ezin: ipuina sinatu gabe etorri zitzaigun. Zelan arteztu, beraz, egindako okerra? Zuen laguntza behar dugu, lagunok. Zein idazlerena izan daiteke? Izenik ematen ausartzen zarete? Burua agertuko ote du benetako egileak? Bada, jakin dezala osorik argitaratu arteko epea ematen diogula (jakina, ipuinaren amaiera zein den zehazteko eskatuko diogu).
Hortik aurrera, Anonimo ospetsuari egotziko diogu autoretza.
TXTko buruzahagitza
Iruzkinak
Utzi iruzkina: