Violante Camacho

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2008-12-22 12:32

Violante Camacho malenkoniaz hil zen, kandela baten moduan iraungi zen. Edo agian oraindik bizi da, sekula amatatuko ez den txingar baten gisan.

Errododendroz inguraturiko basetxean jaio zen, beheko errekastoaren urlasterraren ahaireak kulunkatzen zuen sehaskan, erresiñolen txorrotxioek elikatu zuten bere gogo ameslaria, katamixarrena zuen begirada, bere bihotza inguma handi bat.



Ez zuen aita ezagutu. Amak esaten zion aita egun argiko izarrak bezalakoa zela, egunez ere izarrak hor goian daudela, baina ezin ditugula ikusi. Violante sinetsita zegoen gauero izarrei begira loak hartzen zuenean zerutik bere logelara jausten zen izar loka hura zuela aita, berarekin hontzurien begi barrenetara eramaten zuena.

Egunak argitsuak ziren, eguzkia begi dirdaitsu bat zen, kliska egiten ez zuena, errainu epelen fereka sentitzen zuen belartzan etzanda, hatz mami ikustezinak bere azalean jostari, eta halakoetan zeruko begiari so egiten zion Violantek, “gera zaitez hortxe, betiko” ziotsala, eta bere bularreko ingumak hegalak inarrosten zituen, ortzadarrez blaiturik.

Gauetan ipurtargiak isiotzen ziren inguruko larreetan, izarren tantak iduri, eta Violantek piano urrun baten doinua entzuten zuen bere odolean nabigatzen. “Hori maitasuna da”, esan zion behin amak, eta Violantek soineko gorria jantzi zuen, eta kriseiluaren argiak miretsirik ikusi zuen neskatoa gela zabalean dantzari, nola hartzen zuen soinekoaren hegala, eta bere oin biluziak hegaldaka, eta bere zango zuriak, eta orduantxe bai geratu behar zuela munduak!

Amak erakutsi zizkion sendabelarren sekretuak. Marmeladak egiten zituzten, zukuak, jaleak, ardoak, infusioak, tinduak, ukenduak, jarabeak... Basetxea kolore eta usainen itsasoa zen, eta Violantek erabaki zuen itsaso hartan bizi nahi zuela betiko, ezin egon zitekeela inon pote haietan gordetzen zutena baino altxor preziatuagorik, eta ez zuela besterik behar.

Dohatsua izan zen. Astean behin laguntzen zion amari hiriko merkatura, potez betetako gurdian. Egunen baten mutilen bat bere begi urdinen urmaeletan islaturik geratuko zen itxaropena zuen, baina inor ez zitzaion maitasun berbarik esaten ausartu, hain zen basatia bere edertasuna. Denborarekin, Violante pentsatzen hasi zen bere benetako amodioa gauero bisitan etortzen zitzaion izar loka hura zela, hontzurien begi barrenetara eramaten zuen berbera.

Izarrak ere zahartu egiten dira baina. Ama joan zitzaionetik egunak luzeagoak egin zitzaizkion, amaitu nahi ez duten ehunzango tematiak legez. Bera ere zahartu zen, baina artean bere edertasun basatiaren taupadak entzun zitezkeen, isilago, zimur eta guzti.

Egun baten, hobeto biziko zela eta, zaharretxe batera eraman zuten, hirira. Basetxea bota behar zutela esan zioten, inguru hartan urbanizazio berria eraikitzekotan zirela. Logelan ematen zituen ordurik gehienak, bakarrik, lotuta. Burua galdu zuela zioten. Bere begietan ez zegoen gehiago katamixarrik, urmaelen urdina leiturik. Violanterentzat hura eri hotza zen, ez zuen hala bizi nahi, hala ez. Begitantzen zitzaion, sukarraldietan, jendea ez zela jende, koadro ibiltariak baino. Nork bere markoa eskuetan hartuta bizi zirela han, desmundu hartan. Nor bere marko barruan, laukien gatibu, bakardadezko autopistetan harrapaturik.
Gau baten, hontzurien begien barruan geratu zen betiko. Izar lokak gidatu zuen gaurdinerantz, eta gorantz zihoazela bere bularreko ingumak alaiago egiten zuen hegan. Eta zein ederto ikusten zen handik goitik errododendroen baso arrosa-gorria, eta erdian basetxea, eta erreka!

Egun argiz ere han goian ote dago Violante Camacho, ikusi ezin diren izarren artean?



Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: