Uda osabarekin (8)

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2015-06-12 20:26

Etiopiako eskola

Etiopiara egin zuen bidaiako argazkiak eta bideoak erakutsi dizkigu osabak. Bideo batean, umeen eskola bat ikusi dugu.

Adin askotako umeak dira, eta lurrean eserita daude; ez dute ez aulkirik, ez mahairik. Batzuk ortozik daude, eta arropa zaharrak dituzte. Arbela bat besterik ez dago. Arbelan alfabetoko letrak daude idatzita. Ume bat dago arbelaren aurrean, eta, makilatxo batez, letrak seinalatzen ditu, banan-banan. Lurrean eserita dauden umeek letren izenak errepikatzen dituzte. Amaitutakoan, beste ume bat ateratzen da alfabetoko letrak irakurtzera.

“Urrundik etorri behar dute umeek eskolara, eta, etxera bueltatzen direnean, gurasoei lagundu behar diete etxeko lanetan: behiak zaindu, egurretan joan… Orain ulertzen duzue nolako zortea duzuen?”.

Arrazoi du osabak: munduko bolan beheraxeago jaio bagina, bideoan ikusi ditugun umeen antzera biziko ginen.

Hurrengo ikasturtean ez naiz kexatuko amak eskolara joateko esnatzen nauenean.

 

                                                                                           Bernardo kapanaga


Utzi iruzkina: