Uda osabarekin (7)

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2015-06-10 23:21

Zeruak eta infernuak

Osabari galdetu diot ea non dagoen amama haren ustez, zeruan ala infernuan.

“Zerua eta infernua hemen daude, Garbiñe, gure munduan. Amama orain bakez dago, kutxan, zeru-infernuak guri utzita”.

“Telebistako albistegietan infernuak erakusten dizkigute, ezta, osaba?”, esan diot.

“Zeruak eta infernuak gure barruan gordetzen ditugu, eta geure ekintzen bidez kanporatzen ditugu. Baina, zoritxarrez, infernuak deigarriagoak izaten dira telebistan emateko”.

“Orduan, ona izango litzateke albistegiak berririk gabe geratzea, ezta, osaba?”

Baietz erantzun dit.

“Tori zeru txiki bat”, esan dit.

Eta musu bat eman dit.

Osabak duda handi batekin utzi nau: hil eta gero infernurik ez zerurik ez badago, zer ote dago? Ezer ere ez? Horretan pentsatzeak urduritasuna sortzen dit, urdailean suge isil bat izango banu bezala. Sentsazio hori kentzeko asmatu ote dira erlijioak?

 

                                                                                            Bernardo Kapanaga

 


Utzi iruzkina: