Uda osabarekin (6)
Lehen jaunartzea
Gure lehengusua Iñaki deitzen da, eta ez du jaunartzerik egin.
“Ez dut katekesira joan nahi”, esan zien gurasoei.
“Zergatik baina?”, galdetu zioten, harrituta.
Orduan, hauxe erantzun zien:
Sinetsi nizuen Olentzerorena, eta gezurra zen. Sinetsi nizuen Maritxu Teilatukoarena, eta gezurra zen. Eta orain Jesusen ipuinarekin zatozte? Ez, ez dut jaunartzerik nahi. Seguru hori ere gezurra dela azkenean”.
Neuk ere badakit nortzuk diren Olentzero eta Errege Magoak, baina Ibonek ez. Ibonek oraindik sinesten du Errege Magoek prismatiko magikoak dituztela, hormak zeharkatu eta etxe barrukoa ikusteko balio dutenak, eta alarma moduko bat dutela, gaiztakeriaren bat egiten ari zarenean jotzen duena, eta izara azpian egon arren ikusi egiten zaituztela.
Nik ez dakit Jesusena egia ala gezurra den. Igual dena da gezurra. Osabak esaten du gizakiek sinetsi beharra dutela heriotzaren ostean zerbait dagoela, eta horregatik asmatu ditugula erlijioak.
Nik bai: nik jaunartzea egin nuen, eta opari asko hartu nituen. Gezurrak errazago onartzen ditugu opariekin badatoz…
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: