Uda osabarekin (4)
Astronauten begirada
“Horrela hasten dira gerrak”, esan digu osabak.
Jostailu bategatik ibili gara borrokan Ibon eta biok.
Arrazoi du osabak. Umeen arteko gerrak jostailu txikiengatik izaten dira, eta nagusien artekoak jostailu handiengatik. Baina, azken batean, gauza bera da: “nirea da!”, esaten dugu, “guztiona da!” esan beharrean.
Mundua zati txikietan banatu dugu, eta zati horiengatik hiltzen dugu batak bestea. Baina ez gara konturatzen zati horiek guk sortu ditugula. Astronauten begirada falta zaigu: urrutitik ez dira zatiak ikusten, munduko bola baizik.
Eta munduko bola guztiona da.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: