Uda osabarekin (14)
Turistak
Eskolan erakutsi digute letra etzana ironia adierazteko erabiltzen dela. Adibidez, aurreko esaldian erakutsi idatziz gero, denek ulertuko dute zer gustura gauden sarritan ikasleak eskolan eta zergatik ateratzen garen handik kohete zoriontsuak legez uda etortzen denean.
Osabak gaur goizean letra etzana erabili du hau esan duenean: “Hor dator beste turista bat”. Zeren, esateko moduagatik, turista esan du. Benetan ez zelako Alemaniatik edo Suediatik etorritako pertsona bat, ondoko herritik gurera tarteka etortzen diren horietakoa baino. Eta zertara? Zarama gure zaborrontzira ekartzera.
Osabak esan dit turista horiek ez daudela ados euren udalek zarama jasotzeko sistemarekin, neketsua iruditzen zaiela-eta. Eta zer egiten dute? Zarama-poltsa hartu, garajera jaitsi, autoa hartu, kilometro batzuk egin eta gure zaborrontzi batean utzi.
“Eta hori guztia eginda, ez ote dira askoz gehiago nekatzen?”, galdetu diot osabari.
Baina gero pentsatu dut Gaztelaniako eskolak zer aspergarriak diren, eta neure buruari galdetu diot ea nik ez nukeen gauza bera egingo automobila izango banu.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: