Uda osabarekin (13)

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2015-07-12 00:05

Kontsolak eta liburuak

Osabak esaten digu sekula ez garela kontsolatzen kontsolarekin gabiltzanean. Guretzat presondegi bat bezalakoa dela.

“Uda da, hondartza hirurehun metrora duzue eta etxean geratu nahi duzue, kontsolarekin jolasteko. Ez dut ulertzen!”.

Apalaren gainean metatuta dauden liburuak seinalatu ditu.

“Badakizue zertarako balio duten liburuek? Etxetik irten gabe bidaia luzeak egiteko eta hemendik urrun dauden lekuak eta pertsonak ezagutzeko. Hor dituzue, eskura, eta zuek nahiago duzue preso geratu zuen kontsolan”.

Osabak bidaia asko egiten ditu munduan zehar. Esan diot prest nagoela berarekin joateko.

Liburu bat hartu du apaletik.

“Ezagutu nahi duzu Miguel Strogoff? Moskutik Siberiaraino eramango gaitu bidaia zoragarri batean”.

Kontsolako presondegiko atea itxi eta Siberiaraino eramango nauen liburukoa ireki dut.

 

                                                                                                 Bernardo Kapanaga

 


Utzi iruzkina: