Uda osabarekin (10)
Xake-partida
Gaur Ibon eta osaba xakean ibili dira.
“Xakearen sekretua hitz batean laburbiltzen da: kalkulua”, esan digu osabak.
“Kalkulatu behar dugu egin nahi dugun mugimenduak zer arrisku dituen, eta zer abantaila. Kalkulatu behar dugu nola erantzungo duen beste jokalariak. Kalkulatu behar ditugu hainbat mugimendu, lortu nahi dugun helburura onik iritsi ahal izateko”.
Ibonen dorreak zaldia jan dio osabari.
“Ikusten, Ibon? Ez duzu kalkulatu zer arrisku zuen mugimendu horrek”.
Eta Ibonen dorrearen mugimenduak libre utzitako bidea baliatuta, osabaren alfilak Ibonen erregina jan du.
“Berdin da bizitzan”, esan digu osabak.
“Xakean bezala, bizitzan erabakiak hartu behar ditugu, eta kalkulatu behar dugu zer ondorio izango dituzten”.
“Gerrak ez dira erabaki onak, ezta osaba?”, galdetu diot.
“Ez, inola ere ez”.
“Orduan munduko politikariek xakean jakin beharko lukete, erabaki txarrak ez hartzeko”, esan diot.
“Zoritxarrez, mundu honetan politikariak peoiak baino ez dira”, erantzun dit.
“Eta nortzuk dira erregeak?, galdetu dio Ibonek.
“Gerren kontura negozioa egiten dutenak. Horiexek dira munduko erregeak. Eta haien kalkulu bakarra, ahalik eta diru gehien irabaztea”.
“Orduan pobreak izango lirateke errege onenak”, erantzun diot.
“Horregatik dago gizakien historia gerraz beteta: pobreak sekula ez direlako errege izan”, bota digu osabak.
“Eta xakeko zer pieza dira pobreak?”, galdetu du Ibonek.
“Uste dut badakidala”, esan diet.
Ibon eta osaba begira geratu zaizkit.
“Xake-taularen azpian geratzen direnak”.
“Oso erantzun ona, Garbiñe!”, esan dit osabak.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: