Uda osabarekin (1)

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2015-06-01 20:37

Amamaren haginak

Amamak edalontzi batean uzten zituen haginak gauero. Ahotik atera, eta edalontzira. Egun batean galdetu nion ea zergatik ez zuen ateratzen modu berean minbizia. Bularretik atera, eta zakarrontzira.

“Hain erraza balitz!”, erantzun zidan. Eta begiak bris-bris hasi zitzaizkion, izarrak bezala, eta erreka txikiak jausi zitzaizkion masailetan behera.

“Eta minbizia ezin da malko horietan atera?”, galdetu nion.

“Ez, maitea”.

Amamaren errekatxoak hatz-mamietan hartu nituen, eta gaziak ziren.

“Zer zapore du minbiziak?”, galdetu nion.

“Heriotzaren zaporea du, maitea”.

Orain amama hilda dago. Lo dirudi hor, kutxan. Heriotza ahotik atera ahal izango banio, haginak bezala… Baina ez, ezin da.

Amari baimena eskatu diot amamari haginak ahotik ateratzeko. Isilik egoteko erantzun dit. Amak ez du ulertzen heriotza lo egitea bezalakoa dela, eta amama ez dela eroso egongo heriotza osoan haginekin egon behar badu…

Orduan osaba makurtu eta lasai egoteko esan dit belarrira, denak joaten direnean berak kenduko dizkiola haginak, amamak eroso lo egin dezan heriotzan.

Hiltzen naizenean haginak kentzeko eskatuko diot ilobari testamentuan.

 

                                                                               

                                                                                       Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: