Txanton Pirri
Txanton Pirri ume bihurria zen, baina, beraren alde zer edo zer esatearren, ba ote dago bihurrikeriarik egiten ez duen umerik? Ez, ezta? Baina Txanton Pirrirena larregizkoa zen, bere gurasoentzat behintzat: egun osoa okerkeriak pentsatzen ibiltzen zen, eta are txarragoa zena, okerkeriak egiten. Bere auzoko katuek, esaterako, txakur gaiztoenari baino beldur handiagoa zioten: bateko harrapatu eta uretara botatzen zituen, besteko buztanari almandrongila edo kakao pote hutsak lotzen zizkien… Egun baten, Alfontso Lanparraren katua automobil baten atzealdera lotu eta hantxe egon zen, zain, automobil hori abiatu arte, katua tatarrez zeramala… Baina alferrik ibiliko ginateke Txanton Pirriren aldrebeskeria guztiak kontatu guran, komuneko dozena bat paper erroilutan ere ez lirateke sartuko eta…
Hemen kontatuko duguna Txanton Pirriri gertatutakoa da, etxetik alde egin zuenean bizi izan zuen abentura, hain zuzen ere (tira, abentura baino gehiago, kalentura deitu beharko genioke…).
Bazkalondoan ihes egin zuen etxetik, gurasoei murtik ere esan gabe. Txorizo bat, ogi mutur bat eta gaileta batzuk, besterik ez zuen hartu. Ipuinetan alde egiten duten ume guztien antzera, baso aldera joan zen: badirudi munduan ez dagoela beste tokirik etxetik martxetan zarenean! Eta, ipuin guztietan legetxe, gauez egin zen, jakina. Eta gauetan, denok dakizuenez, toki gutxi daude munduan basoa bezain beldurgarriak, animalien hots inozenteenak ere munstroen orro ikaragarriak bihurtzen dira eta.
Lo egiteko babesleku bila hasi zen, beraz. Arbolaren baten goialdera igotzea pentsatu zuen, baina ez zen haraino ailegatzen, txikiegia zen. Orduan, arbola baten enborra barrutik hutsik zegoela ikusi zuen. Hantxe lo egingo zuen, bai horixe! Ozta-ozta lortu zuen sartzea, baina hura ustekabea izan zuena! Enbor barruko zuloak ez zuen hondorik! Leize bat bezalakoa zen hura, eta bertatik jausi zen Txanton Pirri, lurraren erraietara. Behera eta behera jausi zen, hura bai zulo ikaragarria! Begiak itxi zituen, beldurraren beldurrez, uste baitzuen burua txiki-txiki egingo zuela, arrokaren baten kontra jota edo.
Baina ez. Zulo estu hura txirrista bat bezalakoa bilakatu zen. Hori bai: txirrista luze-luzea. Azkenerako, begiak zabaldu eta iji-ajaka irristatu zen beherantz, hura bai denbora-pasa dibertigarria! Halako batean, hondora heldu zela konturatuta, begiak igurtzi eta non ote zegoen galdetu zion bere buru erdi zorabiatuari. Galeria bat ikusi zuen, baina estuegia zen meatze batena izateko. Eskerrak txikitxoa eta argal-argala zen, bere gelako Txaber bezain gizena izanez gero hantxe geldituko baitzen, trabatuta, ez atzera ez aurrera… Potolodi deitzen zioten Txaberri, baina ez zen haserretzen. Potolodi ez zen sekula ernegatzen, ezta odolostearen barruan suge-landara bat sartu ziotenean ere. Gelakideei barre eragitearren, ogitartekoa osorik jan zuen txerritxo halakoak, ai suge-landara gizajoa!
Galeria hartan erdi ilunetan zihoala, bat-batean ahots arraro bat entzun zuen bere atzealdean: “Zertara etorri zara hona, gure baimen barik?” Atzera begiratu, eta, hara!, satorrak ikusi zituen, sator-piloa, sator armada bat! Eta haserre zeuden, oso-oso haserre! Txanton Pirrik arbolarena azaldu zien, zelan jausi zen enbor barruan sartuta, eta gaua bertan pasatzeko baimena eskatu zien. Satorren zantzoak, eskari hori entzun zutenean! Euren buruzagia zirudienak, harro-harro, hauxe erantzun zion, ahots adar-jotzailearekin:
—Bai horixe! Baina gaurko gaua bakarrik ez, hemendik aurrerako guztiak ere hementxe egingo dituzu. Zein da zure izena, ume moko hori?
—Txanton.
Satorrak zantzoka hasi ziren ostera ere, oso barregarria iruditu baitzitzaien izen hori. Eta are zantzo handiagoak egin zituzten ume moko hark bere izen osoa esan zienean: Txanton Pirri! Halako izena asmatu ere! Ikustekoa zen zelako barre-zantzoak egin zituzten sator haiek guztiek! Lurra ere mugitzen hasi zen, dardarka hasi zen, barre haien eraginez. Horrela jakin zuen Txanton Pirrik liburuetan eta entziklopedietan ez datorren egia handi bat: lurrikarak satorrek eragiten dituzte, barre-zantzoka hasten direnean.
—Txanton Pirri, gaizki etorri hona, satorren herrira! Hemendik aurrera gu izango gara zure jabeak, eta zu, berriz, gure esklaboa –bota zion barreka buruzagiak.
Txanton Pirriri oso arraroak iruditu zitzaizkion satorren izenak: buruzagia, esaterako, Xadsedkme deitzen zen, eta bere laguntzaileetako batzuk, Tsoroesky, Ysehsosa, Uhgbjofd, Wgheresir eta Hbodsugik. Ordenagailuaren teklatuan atzamarrak zoratu balira ere, nekez sortuko ziren halako izenak, arranoa! Baina ez zioten graziarik egin, ezta pentsatu ere! A zelako ernegua zuen Txanton Pirrik, sator haien esklaboa izan beharra ere! Orduan hasi zen etxetik alde egin izanaz damutzen.
Ez alde egiteko, soka bat jarri zioten hankan, soka luze-luze bat. Xadsedkme buruzagiak zer egin behar zuen azaldu zion:
—Guretzat lan egingo duzu. Galeriak egingo dituzu, eta ortuetako patatak, azenarioak, berakatzak, kipulak, arbiak, zainzuriak eta lur azpiko jangai guztiak harrapatu eta gure biltegira eramango dituzu. Baina kontuz!, ez dakizula burutik pasatu horiek jatea, gu benetan haserretzea zer den jakin nahi ez baduzu.
Txanton Pirrik galeriak egiteko pala bat eskatu zienean beste lurrikara txiki bat sortu zen, satorren barre-zantzoekin.
—Pala eske zabiltza? Guk emango dizugu palakada buruan! Alde hemendik oraintxe bertan, eta hasi galeriak egiten, zure atzapartxo horiek erabiliz! Ah, eta beste gauzatxo bat: alferrik ikasiko dituzu gure izenak, kendu burutik ideia hori, egunero-egunero aldatu egiten ditugu eta. Izan ere, ez gara zuek bezain txoropitoak. Nori bururatzen zaio bizitza guztian izen berbera izatea? Zuek gizakiok txotxoloak zarete, gero!
Horrela hasi zen Txanton Pirriren esklabo bizitza. Egunak pasatu ziren, bata bestearen atzetik. Berdin asteak eta hilabeteak. Oso bizimodu gogor eta aspergarria zen hura, eta txarrena ezin alde egitea zen, soka hura ezin zuen inola ere askatu. Denborarekin, lur azpian bizi izanda, satorraren antza hartzen hasi zen. Gero eta gutxiago ikusten zuen. Noizbait handik irtetea lortzen bazuen, betaurrekoak barik mikroskopioak erabili beharko zituen… Baina txarrena jatekoa zen. Satorrek primeran jaten zuten: berak ostutakoekin munduko jatetxe ospetsuenetakoek baino janari gozoagoak prestatzen zituzten (horretarako bazuten sekretu bat: janari guztiak zizare-hautsarekin maneatzen zituzten, zizareak birrindu eta janarira botaz; hori eginez ikaragarrizko zapore ona hartzen zuen janariak). Berari, ostera, badakizue zer ematen zioten? Euren kaka! Bai, horixe da egia biribila: Txanton Pirri satorren gorotza jatera behartu zuten!
Baina badakizue zer?: ez ei dago ehun urte irauten duen zorigaitzik. Horixe pentsatzen zuen Txanton Pirrik, egunen baten zortea izango zuela eta handik ospa egitea lortuko zuela. Eta bai, heldu zen egun hori ere.
Egun hartan, galeria bat amaitzen zuen guztietan bezalaxe, burua lur-azalera atera zuen. Eta hara ezustekoa! Kanpokoa ezagutu egin zuen: hura bere etxea zen eta! Bai, etxe aurreko soroan egina zuen sator zuloa. A zelako zortea! Eta bere ama zegoen bertan, aitzurka.
—Ama! Ama! –oihu egin zuen, erdi negarrez.
Baina amak ez zion entzun. Aitzurka egiten zuenean kantari ibiltzea gustatzen zitzaion, eta orduan ere horrelaxe ari zen. Amari itzel gustatzen zitzaion opera; esaten zuenez, ahots hobea izanez gero, opera abeslaria izango zen, munduko opera guztietan kantari ibiltzeko. Han zebilen, beraz, Pucciniren Madama Butterfly operako Un bel di, vedremo aria abesten, eta ez zen konturatu bere umetxoa laguntza eske ari zitzaiola.
—Ama! Ama! Lagunduuuu! –oihu egin zuen Txanton Pirrik berriro ere.
Baina alferrik! Ama altu-altu zebilen kantari, marmotak ere itzartzeko moduan. Horrela ezin semetxoaren intziriak entzun… Txanton Pirri kezkatzen hasita zegoen, amatxoren aitzurkadak gero eta hurrago sentitzen baitzituen. Beldur zen ez ote zuen aitzurraz buru-buruan emango! Azkeneko aldiz oihukatzea erabaki zuen, bere indar guztiaz:
—Amatxoooooooo! Hemen nagoooooooo!
Eta amak, semetxoaren buruaz estropezu eginda, aitzurraz soka jo zuen, eta eten. Orduan bai poztu Txanton Pirri! Azkenean librea zen! Amari ondotxo kostatu zitzaion semea ezagutzea, hasieran han lurrean zegoena sator handi bat zela iruditu zitzaion eta.
—Benetan zu zara, seme?
—Bai!!!
Amak besoetan hartu eta etxera sartu zuen semea; bainuontzian jarri zuen, lurrez beteta zegoen eta. Ordu oso bat behar izan zuen lur hura guztia kentzeko. Gero ilea moztu zion, sorbaldetatik behera jausten baitzitzaion. Eta, azkenik, kanpora atera eta eguzkitan jarri zuen, esekitokian, pintza banarekin. Txanton Pirriren piura, esekitokian zintzilik! Lotsatuta zegoen, eta ez zuen pentsatu nahi zer esango zuten bere lagunek han ikusten bazuten… Zorionez, inork ez zuen ikusi bertan egin zituen hiru ordu luzeetan.
—Amatxoooo! Hemendik jaitsi nahi dut, lehortu naiz eta!
Ordurako afaltzeko tenorea zen. Hainbeste denboran satorren kakak jaten ibilita, amak prestatutako afaria erregeentzat egina iruditu zitzaion. Hiru aldiz errepikatu zuen patata tortilla, eta hori amari miraria iruditu zitzaion, Txanton Pirri lehen jangartxua izaten zen eta, beti borrokan ibili behar purea jan eragiteko.
—Eta orain lotara, nekatuta egongo zara eta. Bihar kontatuko didazu zer gertatu zaizun etxetik kanpora egon zaren bitartean. Baina hara: gaur egingo duzun ametsa izan balitz bezala kontatuko didazu, eta horixe bera sinetsiko duzu, den-dena amets gaizto bat izan dela. Bai?
Txanton Pirrik baietz erantzun zion buruaz. Ordurako loak erreta zegoen, eta oheko izaren artean sartu orduko lo geratu zen.
Biharamunean, itzartu baino ez, Txanton Pirri lasterka joan zen suetera.
—Ama, ez dakizu zelako amets arraroa izan dudan!
Eta dena kontatu zion: nola ihes egin zuen etxetik, basoko arbola haren enborrean sartu eta nola jausi zen, nola izan zen denbora luzean satorren esklabo, eta zelako bizimodu petrala izan zuen lur azpian bizi izan zen artean. Eta, amaitzeko, zelan agertu zen egun batean etxeko soroan, eta nola askatu zuen amak, lotzen zuen soka etenda.
Handik aurrera bihurrikeriaren bat egiteko gogoa etortzen zitzaionean, petardoak erosi eta satorrek egindako lur pilatxoen bila hasten zen. Zuloa topatu, petardoa isiotu eta bertara botatzen zuen. Baina, denborarekin, gaiztakeria horri gutxitxo irizten zion Txanton Pirrik. Mendeku gosea zuen. Satorrak merezi zuten bezala zigortu nahi zituen. Asko pentsatu ondoren, azkenean asmatu zuen zer egin: bere aitaren enpresan aspiradora handiak egiten zituztenez, bat eskatu zion bere urte-egunean, opari moduan. Aspiradora hartu eta satorren lur pilatxoen gainean jartzen zuen. Martxan jarri eta toperaino satorrez bete arte ez zuen amatatzen. Herriko sator guztiak hil zituen horrela, eta alkateak, sari moduan, domina bat jarri zion, satorrek kalte handiak egiten baitzituzten bertako soroetan.
Hala ere, Txanton Pirri ez zen guztiz zoriontsua. Orduan oraindino ez zekien zergatik, baina bere barruan zerbait falta zitzaiola begitantzen zitzaion. Eta badakizue zer? Gauetan, ametsetan zegoela, ohetik altxatzen hasi zen, sonanbuluen moduan. Sorora joan eta zuloa egiten hasten zen. Gau guztietan jaikitzen zen, eta zuloa gero eta handiagoa, jakina.
Goiz baten, almortzurako ez zetorrela eta, gelara joan zitzaion ama. Hutsik topatu zuen ohea. Egunetan ibili ziren semearen bila, topatu ez baina.
Lur azpian bilatu balute! Bai, hantxe bizi zen (eta bizi da) Txanton Pirri. Hainbeste denbora pasatu zuenez lur azpian, azkenerako satorraren arima itsatsi zitzaion, zelanbait esanda. Eta lur azpian bizitzeko gogo hori gauetan pizten zitzaion, ametsetan. Horrexegatik egin zuen zuloa, eta horrexegatik joan zen bigarrenez etxetik. Berak bazekien non gordetzen zuten jatekoa satorrek: lurpeko kobazulo handi batean. Hantxe jarri zen bizitzen. Eta, jakina, sator berriak agertu ziren, inguruko herrietakoak, baina orduan dena alderantziz izan zen: satorrak ziren bere esklaboak, berarentzat lan egingo zutenak. Eta inor txarto portatzen bazen, hurrup!, aspiradora barrura! Bai, badaezpada ere aspiradora eraman baitzuen kobazulora. Arma horrekin garaiezina izango zen.
Kobazulo hartan ezagutu zituen Hassan Hezin eta besteak, haraino modu desberdinetan ailegatu zirenak, eta Mukimoltsoen taldea osatzea erabaki zutenak, abentura zirraragarriak bizitzeko. Baina hori beste historia bat da, beste baterako utziko duguna.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: