Tovarixtx-en azken berbak

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2013-04-12 12:19

Txistu y Tamboliñ aldizkariak, bere bizitza oparoan hainbat testu paregabe sortu arren, baditu testu madarikatuak ere, bazterturik geratu direnak, tiraderetan abandonatuak. Miseriak eta alde ilunak erakusteko joera nagusitzen ari den honetan, geuk ere paper galdu orain arte bazterturiko horiek plazaratzeko tentazioari men egin eta banaka-banaka aterako ditugu, ustel-sunda eta guzti. Eta hara! Sorpresa bat baino gehiago hartu dugu, gure irudikoz testu malapartatu eta zimel horiek oraindik ere halako distira gordetzen dute-eta. Esan daiteke denborak, batzuetan, edertu egiten duela: gauza bat zimurra da, eta beste bat simaurra.

Beraz, hemen dituzue sasoi baten jaso ez genituen mahats-aleak, mahaspasa bihurtuta. Haiei zuku ateratzen jakin dezazuela!

 

Tovarixtx-en azken berbak

Hamazazpi urtekin gazte askoren bezalako kezkak eta larritasunak izan nituen, "mugida" hartan txorizo xerrakatu baten lez sentitzen nuen nire burua: zati sesuala bokadiloetan jateko, iraultzailea sartenean prijitzeko eta lapikoan ondo egositako zati sustantziagabea neure euskarazko konozimenduak. Horrela makina bat egun, gau eta biharamon joan ziren X. Leteri "Marx eta Lenin irakur ditzan gehiegi nekatu gabe" entzun nionean arte. Ordutik hasi nintzen marxisten eta marxianoen liburuetan arakatzen; lehenengo lan famatuenak, gero edizio kritikoak, asteburu mordo bat etxetik irten barik, kontzeptuak asimilatuz, azalpenetan muinetara iritsiz, ikuspuntu kritikoak erabiliz, e. a. Kalera abiatzen nintzen bakoitzean neure lagunek moskeoz begiratzen ninduten, dirudienez beti "dialektika", "proletargo", "kontradizio" eta antzerako hitzekin aspertzen nituen hurbiltzen nintzaienean. Baina niri bost axola zitzaidan igitaia eta mailua bedeinkazio nuen bitartean, nire iraultza gulatikoa asegabea zen eta zirkunstantzia batzuen ondorioz prosobietikoa bilakatu nintzen, beharbada txikitatik galasietako pelikuletan beti sobietarrekin identifikaturik nengoelako. Gauez Mosku irratia, egunez Lenin-en diskurtsoak, Konsomolskaya Pravda... eta astelehen arratsaldeetan errusozko klaseak partidu komunistaren lokalean; neure zaletasuna egun batetik bestera areagotuz zihoan, hura ez zen txantxetakoa, erotze prozesu batean sarturik ote nengoen? "Tovarixtx, hire moduko jentea behar diagu terrorismo washintonianoa deusezteko", honela erantzun didate Minsk-era heldu naizenean nituen diru apurrak bidaian jorratu ondoren. Bihar Siberiara noa konzientziazio eta propagandazko aparatoaren buru izendaturik. Ez naiz gehiago sorterrira itzuliko Varsoviako itunaren dibisioekin ez baldin bada.


Utzi iruzkina: