tontolabel

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-10-28 23:40

Aste honetan Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri museora joan gara lagun batzuk. Gidariaren azalpenak bikainak izan dira. Emandako informazio ugaritik kontutxo bat ekarri nahi dugu gaur hona: baserriko bizimoduan oinarritutako lexikoaren aberastasuna. Adibidez, euskarazko adjektiboen kutxa altxor handia da. Baina zer pasatzen zaigu? Animalia hiritartuak gara, eta baserritik hirira egindako bidaia horretan berba asko eta asko geratu zaizkigu bidean. Hiritarren begiek zuhaitzak ikusten dituzte, astigarrak, arteak, urkiak edo elorri zuriak ikusi beharrean. Adjektiboetan ere nahiko anorexikoak gara. Gutxi erabiltzen ditugu, eta horietako gehienak kolorerik gabekoak izaten dira, ortodoxoak: handia, txikia, berria, zaharra, luzea, laburra…

 

Igartubeiti baserri museoko gidariak adjektibo koloretsu batzuk oparitu zizkigun, beheko suan ondutakoak. Tonto esateko, bi esan zizkigun: baba-lore eta kaiku. Zerrenda luzea egin genezake: kirten, atunburu, lapiko, mozolo, papao, keleto, astapito, artaburu…

 

Baba hitzean oinarrituta, hor dugu baba-lasto eta gaztelaniazko tontolaba. Gidariak azaldu zigunez, azken horrek “tonto del haba” espresiotik dator. Zer ikusten zioten babari baserritarrek horrelako adjektiboak asmatzeko? Zoritxarrez, haien jakituria fosil bihurtzen ari da. Kultura oso bat galtzen ari gara. Museoetako objektu folkloriko izatera kondenatuta dago.

 

Jakina, guk aurrera egin behar dugu. Eta hizkuntzak ere aurrerantz begiratu behar du. Adjektibo berriak behar ditugu, modernoak. Eta ahal dela, modernotasunaren koloreaz dekoratu behar ditugu. Gaur proposatzen dizuegun ezberba, kasurako, tontolaba hitzean oinarritzen da. Baina guk ukitu modernoa eman diogu, bistan denez.

 

TONTOLABEL: tonto labelduna, leloantonio galanta, ergel titulatua.


Utzi iruzkina: