sudurtzia
Adjektibo batzuek Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia gogorarazten digute. Horietako bat zuhur da. Adjektibo horrek bi aurpegi ditu: bata, argia; bestea, iluna. Alde batetik, zuhurra esaten zaio pertsona argiari edo zogiari; beste aldetik, pertsona zikoitzari, zekenari. Eta bitxia da: adjektibo bakoitza gorputz atal batekin erlazionatzen dugu. Argitasuna, buruarekin; zekenkeria, ukabilarekin. Guk bagenuen lagun zikoitz bat. Erronda ordaintzea hari tokatzen zitzaionean, beti zeukan aitzakiaren bat: bat-batean joan beharra zuela, justu taberna hartan ezer edateko gogoa joan egiten zitzaion, komunera autoerbesteratzen zen… Adarra jotzeko, ezizen bat jarri genion: Pagasarri. Gaur aurkezten dizuegun ezberba, berriz, ez da buruarekin edo ukabilarekin erlazionatzen, ezpada ze sudurrarekin. Gorputz atal horrek, euskaldunontzat hain geurea denak, ekarpen handiak egin dizkio lexikoari. Sudurraren errepertorioa oso zabala da: adjektiboak, lokuzioak, atsotitzak…Hona hemen batzuk: sudurgora harroputza da; sudurluzea, zazpisuetea; sudur-kaka muki gogortuari esaten zaio; goseari, berriz, sudurpeko logalea; norbait sudurretik erabiltzen badugu, nahi dugun guztia eginarazten diogu; zerbait ahotik sudurrera egitea berehala egitea da, inpentsan; sudur pintzak izatea adorea edukitzea da; norbaiti sudurra zimurtzen badiozue, mespretxatzen ari zarete; sudurreko zimurrak leuntzen dituzue alaitzen zaretenean; sekretuak gordetzen ez dakienari zera esaten zaio: ez dakizu sudurretik ahora edukitzen! Atsotitz batzuk ere mundialak dira: “Emakume sudur zapalak bular handiak izaki”. “Sudur luze eta ipurdi ttikia, jaioa da Euskal Herrian”. “Mukia darion sudurra ez da lotsa”. “Sudurra kenduz gero, odola ahora” (txarragoa da erremedioa gaitza baino). Gaurko ezberbak errepertorio hori apur bat aberastu nahi du. Sudurtzia sudur onarekin lotu behar dugu: sudur onekoak pertsona zoliak dira, azkarrak. Horiek berez dute sudurtzia. SUDURTZIA: sudur onekoak izan ohi duen intuizio ona, sena, zolitasuna.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: