Slavoj Žižek Bilbon
Slavoj Žižek Bilbon izango da
gaur arratsaldean, 18:30ean, Gutun Zuria Letren
Nazioarteko jaialdiak gonbidatuta. “Egoera ikaragarri txarra da, baina ez
serioa” izeneko solasaldian arituko da.
Guk, Esloveniako filosofo eta teoriko kritiko horren bibliografia luze eta interesgarritik, lagin bat dakarkizuegu, The Plague of Fantasies (1997) liburutik euskaratua (gaztelaniaz: El acoso de las fantasías, 1999)
Nor onartuko dute mundu kapitalista garatuaren “barruan” eta nor utziko dute kanpoan? Yugoslavia ohiaren adibidea adierazgarria da: desintegrazioaren antzezpen odoltsu hartako aktore guztiak saiatu ziren beren burua “barruan” kokatzen, europar zibilizazioaren azken gotorlekua zirelakoan, ekialdeko basatien aurrean.
Austriako eskumako nazionalisten iritziz, ustezko muga hori Karavanke da, Austria eta Eslovenia banatzen dituen mendikatea: handik aurrera eslaviar horden lurraldea da. Esloveniako nazionalisten arabera, muga hori Kolpa ibaia da, Kroazia eta Eslovenia banatzen dituena: gu Mitteleuropa gara, baina kroaziarrak Balkanetakoak dira, guri axola ez zaizkigun borroka etnikoetan katramilatuta daudenak; bai, begiko ditugu, haien alde gaude, baina erasotako hirugarren munduko biktima baten alde jartzen zaren bezala... Kroaziarren ustez, benetako muga serbiarrengandik banatzen dituena da, hau da, Mendebaldeko zibilizazio katolikoa eta Ekialdeko izpiritu kolektibo ortodoxoa bereizten dituena, zein ez baita gai Mendebaldeko indibidualismoaren balioak ulertzeko. Azkenik, serbiarrek Europa kristauaren muturreko defentsalekutzat jotzen dute euren burua, albaniar eta bosniar musulmanek irudikatzen duten arrisku fundamentalistaren aurrean. (Argi gera bedi Yugoslavia ohiko herrien artetik era “europar” zibilizatuan jokatzen duten bakarrak eskaileraren azpialdean daudenak direla, hau da, guztiz baztertuta geratu direnak: albaniar eta bosniar musulmanak.)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: