Silvio Merluscani

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2009-02-09 15:18

Silvio Merluscani ez zen  barraskiloa baino zoriontsuagoa. Sabaitik herraz begiratu zion Petrofactus X.aren gorputzari. Hantxe zegoen, ohean, makinari lotua, koman sartu zenetik gehiago bezala. Zenbat bider pentsatu zuen tutu madarikatu haiek deskonektatzea! Horrela, hamazazpi urte arinago hasitako bidaia amaitu ahal izango luke. Orduan Petrofactus X.a Aita Sainduaren gorputzean bizi zen. Gau hartan dena aldatu zen arte: buruko mina sentitzen hasi zen, buruko min jasanezin hura. Eta bat-batean, argi urrun hura, hain erakargarria, hain beroa. Kubricken filmean legez sentitu zen, argi hartarantz zihoan espazio-ontzi baten antzera, materiaren esklabotzatik gero eta urrunago, argi hark den-dena bete zuen arte, izar erraldoi baten barrenean sartzea bezalakoa izan zen. Eta orduan beste sentsazio hura, atzetik oratzen dizun esku hotzarena, hurrupatzen zaituen zulo beltzarena.



Ordutik hamazazpi urte pasatuak ziren. Nahikoa denbora zer gertatu zen ulertu ahal izateko: mors interruptusa, hain zuzen ere. Argi harainoko bidaia eten zuten, hiltamuan zegoen Aita Sainduaren gorputza makina hartara lotuta, tutu haien bidez. Garroak lako heste haiek mantentzen zuten loaldi amaigabe hartan. Hortxe gertatu zen banaketa: batetik, Petrofactus X.aren gorputza hibernazioan; bestetik, beraren arima, argi hartaraino heldu arren berriro Vatikanoko ilunpeetara hurrupatua izan zena. Horrek arazo handia eragin zuen: etendako bidaia hartan, arimak atzera egin zuen, atzera, behinolako musika zintek bezala, ia hasierara ailegatu arte. Baina orduan zoritxarreko hatz batek stopa sakatu zuen. Beraz, hona ondorioa: ohean zegoen gorputza Petrofactus X.a Aita Sainduarena zen, baina deslai zebilen arima, berriz, Silvio Merluscanirena. Petrofactus X.a enbor sikua zen, Silvio hamazazpi urteko arima bihurria.  

Paradoxa hark pozten zuen Silvio: eutanasiaren aurkako jarrera itsuak suizidiora eraman zuen eliza katolikoa. Vatikanoko hierarkia izozturik zegoen Petrofactus X.a koman sartu zenetik, Aita Sainduaren hutsezintasuna bete ezinik. Botere gabezia hura indarge utzi zuen elizaren egitura. Hau hobeto ulertzeko, esan dezagun errazagoa zela ilargian akreak saltzea elizetan jarleku bakarra betetzea baino. San Pedro plazara, antzina igandero erromesez betetzen zen horretara, sugandilak ere ez ziren hurreratzen. Ahal izanez gero, kristo anorexiko guztiek ere arin-arinka alde egingo zuketen gurutzeetatik!

Bitartean, Silvioren arima gero eta matxinoagoa zen. Bere santutasun guztia Petrofactusen azal zimurrean geratu zen, bejonzeiola! Bere adinari zegozkion grinak zituen, baina gorputzezak sekulako nahigabeak ekartzen zizkion. Tentazioen artean, sexuarena ez zen txikiena. Gustua hartua zion erizainen gonen artean ibiltzeari. Gorpuzgabetasunak diskrezioaren bertutea eskaintzen zion, baina plazera ezin asetzeak, horrexek min eragiten zion gehien. Eta minen artean handienetako bat Vatikanoko hormen artean atxilotua egotea zen. Gaztelu hartako mamua bilakatua zen. Mamu aspertua. Eta zer dago mamu aspertu bat baino arriskutsuagorik? Erizainen gonetan katuen isiltasunaz ibiltzea maite bazuen, are gogokoago zuen Vatikanoko zokoak zipriztintzea. Hormetan agertu ziren lizunmargo haiek umeltasunari egotzi zioten adituek. Nekezago egin zitzaien Sixtina Kaperan agertu ziren profanazioak azaltzea, Miguel Angelen jaungoikoaren buruko adar haiek, esaterako, hamaika bider ezabatu arren behin eta berriro agertzen zirenak, sufre usain eta guzti. Silviorentzat polidemasa izan zen margo haiek zikintzea, eta arte adituen aurpegi harrituak ikustea.

Baina denbora harkaitz astuna da, baita arimentzat ere. Silvioren gogoan Petrofactus hiltzea zen ametsik ederrena, gatibutzatik libratzeko era bakarra. Sabaiaren bakartasunetik, momia hark ordezkatzen zuen inperioaren gainbehera egiaztatu zuen hamazazpi urte luze haietan, baina azkenean iritsia zen hainbeste desiratutako unea. Oso erraza zen: Petrofactusen belarri parera irristatu eta arimek bakarrik ahal duten moduan xuxurlatu zion sekretua, hamazazpi urte arinago argitasunaren baitan ikusi zuena, bizitzaren misterioa, gauza guztien jatorria.  

Segundo batzuk geroago medikuek azken Aita Sainduaren heriotza iragarri zuten.
 
 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: