Sententzia
Gau hartan, arratoiaren orduan, enperadoreak amets egin zuen jauregitik irteten zela eta lorategian zehar ilunpetan zihoala, loretan zeuden arbolen azpian. Bat-batean, norbait haren oinetan belaunikatu eta laguntza eske hasi zitzaion. Enperadoreak baietz erantzun zion, lagunduko ziola; erreguka zebilenak herensugea zela esan zuen, eta izarrek adierazi ziotela biharamunean ilundu orduko enperadorearen ministro batek, Wei Cheng zeritzanak, burua moztuko ziola. Amets hartan, enperadoreak zin egin zion babestu egingo zuela.
Itzartukeran, enperadoreak itaundu zuen ea non zegoen Wei Cheng. Esan zioten ez zegoela jauregian; bertara ekar zezatela agindu zuen, eta egun osoan lanpeturik eduki zuen, herensugea hil ez zezan. Ilunkeran, xakean jolasteko gonbitea egin zion. Partida luzatu egin zen. Ministroa abailduta zegoen, eta lokartu egin zen.
Zalaparta batek lurra inarrosi zuen. Handik lasterrera, bi kapitain agertu ziren. Herensuge baten burutzar odoldua zekarten. Enperadorearen oinetara jaurti eta garrasi egin zuten:
-Zerutik jausi da!
Wei Chengek, itzarturik, harrituta begiratu zion buruari. Zera esan zuen orduan:
-Hau bai kontu bitxia! Ametsetan egin dut honelakoxe herensugea hiltzen nuela!
Wu Ch'eng-en - China: c. 1505 - c. 1580
Iruzkinak
Utzi iruzkina: