Secundino Parra
Secundino Parra nor den galdetuko banizue, ez zenukete erantzuten jakingo. Beraz, esan dezadan Garoñako zentral nuklearreko segurtasuneko arduradun horietako bat izan dela, orain dela gutxira arte. Eta hori asko esatea da, lankideek Homer esaten ziotela argitzen badizuet. Haren lankide batek kontatu zidan harekin egin zuten postura. Horrelako kontuak isilik gordetzekoak izaten dira, baina badakizue zer pasatzen den afarietan: ardo gehiegi edaten da, gero gintonik batzuk, lagunen batek kostoa badauka txirri batzuk erre... eta, azkenean, mingaina askatu egiten da. Horrela jakin nuen nik Secundinorena, gertatu eta astebetera.
Gauza gutxi dago galgarriagorik burubako bezain ahobero izatea baino. Bada, Secundinok bi akats horiek zituen: satelite hutsa zen. Buruan argirik ez, eta ezpainean dardarizoa daukazunean, gauza onik ez. Horixe gertatzen zitzaion: esaten zituen gehienak zuztarbakokeriak ziren. Eta horrelako batek eraman zuen galbidera. Zentrala segurua ez zela zioten lagunekin gogaituta zegoenez, postura egin zien: baietz sartu Ebroko uretan, haiek estimatzen zuten lekurik kutsatuenean.
— Nik Fragak baino potro handiagoak ditut! —esan zien, bere erabakiaren irmotasuna esaldi batean erretratatzeko.
Lagunek postura onartu zioten. Potroak bazituen, sar zitzala potroak ur haietan.
— Baita zakila ere! —esan zien, enbidoari hordagoka erantzunez.
Esan eta egin: lagunek aukeratutako tokira joan, prakak eta galtzontziloak erantzi, eta di-da sartu zituen lotsariak Ebroko uretan. Han ibili ei zen, plisti-plasta, zakil-barrabilak beratzen. Itzelezko barre-algarak eginda, Gasteizera bueltatu ziren denak, Secundinori afaria ordaintzera. Ondo irabazita zuen!
Biharamunean hasi ziren komeriak, antza. Secundino hazkura arraro bat hasi zen sentitzen hankartean. Jakina, ez zien errua bota Ebroko urei, ezpada ze ordu txikietan Gamarra aldeko errotonda batean aurkitu zuen urdanga beltzari.
— Puta zikinak! —esan zion komuneko ispiluari, barrabilak esploratzen ari zela.
Ez zituen gogoratzen gaueko xehetasunak: gastu guztiak lagunen lepora zirenez, ohi baino oktano gehiago sartu zituen urdailean, baita marraren bat edo beste sudurreratu ere. Egia esanda, urdanga harekin nora joan zen eta zer egin zuen ezabatuta zuen memoriatik. Hori pasatu zitzaion gau hartan: neurona bat baino izan ez, eta bi galdu.
Hazkura hasiera besterik ez zen izan. Hurrengo egunean handitzen hasi zitzaizkion. Nola baina! Gauerako sagar erre hanpatuen itxura zuten. Gauza onik ez! Kezka benetako izua bihurtu zitzaion logelako argia amatatu zuenean: izaren azpian barrabilek halako argi fosforeszentea zuten, barruan espermatozoideak ipurtargi bihurtu balira bezala.
Hori guztia Secundinok berak kontatu zidan. Arinago, lehen esan dudan moduan, haren lagun batek kontatu zidan larunbat hartakoa. Telefono-dei hura, berriz, ez nuen inola ere espero. Secundinorena berarena. Ni nuklearren aurkako borrokalari historikoa izanda, aspaldidanik nindukan etsaien zerrendan. Horrexegatik harritu ninduen haren ahotsa entzuteak.
— Zerbait bitxia ikusi nahi baduzu, etorri nire etxera. Arrazoi atomikoak erakutsiko dizkizut nuklearren aurka duzun jarrera hori aldatzeko.
Secundinoren beste ahokada bat zelakoan joan nintzen harenera, erdi kuriositatez erdi trufarako asmoz. Azidorik lisergikoenak ere ez zidan eragingo halako ikuskizun surrealistarik! Hara zer ikusi nuen: gizakume bat katamarka, ilunpetan. Hala ere, zerbait magikoa hedatzen zen gela hartan. Aurora borealaren antzeko efektu bitxia zen, airean hegan bezala ari zen argitasun koloretsua. Baina zerk sortzen zuen haluzinazio hura? Arretaz begiratuta, soa Secundinoren hankartera joan zitzaidan. Zer ote zen hura? Barrabilen lekuan harri bolkaniko bi zituen, tamaina handikoak, eta oraindino guztiz hoztu gabekoak, halako goritasuna baitzerien, denbora luzean sutan egon balira bezala.
— Begiratu! Hona hemen energia atomikoaren garaipena!
Harroturik hitz egin zidan, baina erotasun ukitu nabarmen batekin.
— Hemen daukazu uranioaren ahalmen basatia! Segundo batzuetan nire zerak Ebroko uretan sartzea nahikoa izan da miraria gertatzeko. Begiratu: nire potroak mikroeguzkiak dira orain!
Ez zegoen dudarik: burutik eginda zegoen.
— Medikuarenera joan beharko zenuke —aholkatu nion.
— Mediku zer? —haserretu zitzaidan— Ez naiz egundo hain indartsu sentitu. Erradiazioaren garaipena naiz. Joatekotan, telebistara joango naiz, munduari nire barrabilak erakustera!
— Ez zaude ondo ganbaratik! Ez naiz etorri txotxolokeriarik entzutera!
Bera ez: neu nengoen haserre. Aterantz abiatu nintzen, handik alde egiteko.
— Geldi hor! —entzun nuen atzealdetik.
Ez ziren ezta hiru segundo pasatu. Zerbait likitsa, nardagarria, kirasduna etorri zitzaidan gainera, olatu baten indarrez. Blaiturik nengoen mukia bezalako zer itsaskor batez.
Buelta eman eta Secundino ikusi nuen, esku artean sekula ikusi bako zakil alimale traste bat zuela. Sutatik ateratako enbor kiskalia zirudien.
— Ikusi duzu nolako plastada jaurti duen? Bada, nahi beste bider egin dezaket. Iturri agortezina naiz! Imajinatzen duzu nolako ikuskizuna eman nezakeen zirku batean?
Hura ez zen zirkurako ikuskizuna, ezpada ze zoroetxe baterako larrialdia. Hala ere, elbarriturik bezala sentitzen nintzen, likido itsaskor hark lotuta nindukan. Erreakzionatzeko modurik gabe utzi ninduen isurkari higuingarri hark.
Secundinoren proposamena entzun nuen orduan: kazetaria nintzenez, gertatzen zitzaion guztiaren kontakizuna egitea. Ondo ordainduko zidan, diru asko lortzeko asmoa zuen-eta, zentral nuklearreko nagusien kontura: komunikabide guztiei kontatuko zien Ebroko ibaian gertatua milioi bat euro ematen ez bazioten.
— Horrelako mehatxuak oso arriskutsuak dira. Bide-bazterrak zulako xantaiagilez beteta daude.
— Eta zer gal nezake? Ez duzu ikusten nola nagoen?
Arrazoi zuen. Orduantxe erabaki nuen proposamena onartzea. Beti gustatu zait borroka galduen eta galtzaileen alde jartzea. Neu ere bando horretakoa izanda...
Secundinoren gorputzaren itxuraldaketa egun batetik bestera gertatzen zen, goizetik gauera, ordutik ordura. Den-dena kontatuko nuela agindu nion. Xehetasun guztiak.
Ez dut hitza bete. Krudelegia da. Horren froga, nik erradiazio-metastasi izendatu dudan antzaldaketa: goiz batean, haren etxera joan eta aurpegia estaltzen zion zapia jarrita hartu ninduen. Hitz egiten saiatu zen, baina ezin zuen ganoraz ahoskatu, trabaren bat-edo zuen ahoan. Zapia erantzi zuenean ulertu nuen dena: barrabil bi zituen matrailan itsatsita, zintzur-sagarraren parean esekirik, haiek ere gori-goriak. Eta ahoa zabaldu zuenean, akabua: mihiaren lekuan zakil bat zuen, zeina kanpora lotsagabeki ateratzen zen, sugeen izpien moduan. Eta hara: zikinkeria likits hura jaurtitzen zuen etengabe, txarto itxitako iturrien antzera.
Lastima eragin zidan. Eta amorrua. Hura salatu egin beharra zegoen. Kazetarako erreportajea egingo nuela esan nion. Berak, ezetz. Arinago xantaia egin behar zela. Tematuta zegoen dirutza lortzeko ideia harekin. Secundino beti izan da gangar hutsa, baina egun haietan haren morokil mentalak gainez egin zion. Dena nahasten zuen gizarajoak: zegoen moduan egonda, oraindik energia nuklearra bedeinkatzen zuen, eta seguru zegoen zakilak isuritako likido hura aztertuta sekulako propietateak topatuko zituztela zientzialariek. Berak elixirra esaten zion, eta prest zegoen herriz herri ibiltzeko, produktu miragarri hura litro erdiko botilatxotan saltzeko. Baina, aldi berean, madarikazioka jarduten zuen, batzuetan pentsatzen baitzuen errua, erru guztia, errotonda hartako urdanga beltz harena zela, eta auskalo zer zikinkeria kutsatu zion, energia nuklearrak ezin baitzuen inola ere halako deformaziorik eragin.
Alferrik izan zen Secundino konbentzitzea. Nagusiengana joatea sartu zitzaion buruan, eta hura egin behar. Neuk lagunduko niola agindu nion. Zapia aurpegian jarri eta garajera jaitsi ginen. Neuk eraman nuen autoa zentraleko sarreraraino.
— Utzi hemen. Oinez joango naiz. Zu ezin zara sartu.
Horixe idatzi zidan paper batean. Ordurako ez zegoen aitaren semerik tutik uler ziezaiokeenik: aho barruko zakila boa hertsatzailea zen.
Jaramon egin nion. Bertan geratu nintzen, zain. Ordu bat. Bi ordu. Ez zen bueltatu. Ez zidaten sartzen utzi. Sarrerako zaintzaileek argi eta garbi esan zidaten: Ez zara hona inoiz etorri. Hobe horrela, bide bazter baten amaitu nahi ez baduzu.
Ez dut erreportajea idatzi, ezta idatziko ere. Galtzailea naiz, baina eroa ez. Hala ere, zirrikitu bat topatu dut Secundinorena kontatzeko: ipuin gisa aurkeztea.
Izan ere, nork egin dezake ezer fikzioaren aurka?
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: