Sebastian Quincoces
Sebastian Quincoces zoriontsua zen bere dendaren txikitasunean. Ez zuen publizitate kanpainen beharrik: bere dendara botak erostera zetorrena beti bueltatzen zen. Sebastianek gustuko zuen bere arrakasta esaldi batean laburtzea: “Nire botak bumeranak dira”. Bere sekretua solairuko lauza baten azpian gordetzen zuen, papertxo batean idatzitza: “Botak izokin koipeaz igurzten ditut. Zahartukeran, beti bueltatzen dira hona”.
Sebastian Quincoces, bere dendaren txikitasunean, faraoia sentitzen zen, ondo begiratuta bere espazioa ez baitzen sarkofago batena baino askoz handiagoa. Hain zuzen ere, ispiluaren aurrean jartzen zenean, Psamtik I.aren bikia zela iruditzen zitzaion, berea piramideen umeltasunetan lizundutako berbakera pausatua zen. Haitzuloetako ur tantak legez jausten zitzaizkion hitzak, bere dendaren iluntasunean, eta kanpotik etorritakoren bati nekeza egiten zitzaion Sebastian estalagmita batetik bereiztea, hain ziren ezdeusak bere bihotzaren taupadak.
Eta bota zahartuek bezeroen urratsak bere dendara ekartzen zituzten moduan, ispiluak ere Sebastianen estalagmitasuna erakartzen zuen. Egunetik egunera ispiluko Psamtik I.a eta bera antzerakoagoak zirela begitantzen zitzaion, bota pare perfektua. Begiraden hizkuntza zen euren artekoa, berbarik gabekoa. Esan zitekeen hizkuntza zaharrenaren bila zebiltzala, jaio aurreko horretara.
Euren sekretuak kontatu zizkioten elkarri. Sebastianek esan zion solairuko lauzen azpian gordetzen zituela bere pentsamenduak. Esaterako, zorteak barik, zorneak gidatu duela gizakiaren eboluzioa. Edo mozorrotzen garenean gure benetako izatasuna erakusten dugula. Edo bizitza atzera egin nahi duen ibaia dela. Psamtik I.ak bere azkena gertu sentitzen zuela aitortu zion. Berrogei urte baino gehiagoan izan zela faraoia, nekatuta zegoela.
Sebastian Quincocesen bihotza lotzen zuten lokarriak askatzen joan ziren. Urteetan denda haren iluntasuna izan zen berarentzat munduko lekurik abegikorrena, baina denborarekin, ispiluaren lilura haren baitan hondoratu zen. Bezeroak etortzen zirenean, bota berriak erostera, eurek aukeratu behar zituzten zein eraman, eta dirua mahai gainean utzita joaten ziren, isil-isilik, Sebastianen estalagmitasuna urratzeko beldurrez.
Egun batean denda irekitzea ahaztu zitzaion. Edo nahita egin zuen? Ispiluaren aurrean jarri eta Psamtik I.ari tratua proposatu zion: ispiluaren bestaldera jauzi egitea, bera Egipto zaharrera joatea, faraoia bere dendaren iluntasunean geratzea. Psamtik I.ak baietz erantzun zion. Ispilura hurbildu ziren, euren ezpainek mirail hotzean bat egin arte. Sebastian Quincocesek kolibri bat sentitu zuen orduan bere bihotzean, hegan egiteko premia eroa, bere inguruan dena zen argia eta berotasuna. Atzera begiratu zuen azken aldiz, eta han, deuseztatzen ari zen ispiluaren bestaldean Psamtik I.a ikusi zuen, bota kutxek osatzen zuten piramideen artean ezkutatuta.
Seguru zegoen bezeroak ez zirela aldaketaz ohartuko, faraoia eta bera hain ziren berdinak, eta dendaren iluntasuna hain zaharra. Eta seguru zegoen ez zela inoiz bueltatuko, jantzita zituen botak ez baitzituen izokin koipez igurtzi.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: