Sebastian Palomares

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2014-08-01 22:59

Sebastian Palomares jartzen zuen gutunontzian.

—Gustatuko zaizue. Seguru baietz.

Haren atzetik joan ginen, elkarri begira, misterio handi bat argitzera doanaren ikaraz.

—Eta jolasa amaitzen dugunean, bostehuna pezeta emango dizkizuet, litxarreriak erosteko, edo izozkiak, edo nahi duzuena.

Atea zabaldu eta pasatzen utzi zigun.

—Baina gogoratu ez diozuela inori kontatu behar. Hau gure sekretua izango da.

Guk baietz, ez geniola inori kontatuko.

Ilun zegoen etxe barrua. Pertsiana guztiak itxita zeuden, eta usain arraroa zegoen. Iluntasunera ohitu ginenean, zakar poltsak ikusi genituen lurrean, aulkien eta mahaien gainean, leku guztietan. Eta euliak. Euli piloa zegoen.

—Sartu logelan, eta etzan ohean. Marrazki bizidunak jarriko dizkizuet.

Ohearen aurreko telebista piztu, eta bideo bat jarri zigun.

Ez ziren marrazki bizidunak, film bat baino.

—Zer nazka! —esan genuen biok batera, pantailako irudiei begira.

Sukalde aldera joan zen gizona.

—Zer, gustatzen zaizue filma? —esan zigun bueltan. Edalontziak zituen eskuetan.

—Freskagarri batzuk dakarzkizuet. Gustatuko zaizkizue, edan beldurrik gabe. Ni, bitartean, komunera noa.

Ez genekien zer freskagarri mota zen. Kolore gorria zuen, eta zapore gozoa.

Ohean luze etzan ginen. Bero egiten zuen, eta logaletuta geunden.

—Zorabiatuta nago. Uste duzu zerbait bota digula edarian? —galdetu zidan Maiderrek.

—Beroagatik izango da.

Nazkagarria zen, baina ezin genituen erretiratu begiak pantailatik. Hipnotizatuta moduan geunden.

—Ikusi duzu zer zikin dagoen izara? —galdetu nion Maiderri.

Krema baten edo auskalo zeren arrastoak zeuden izaran sakabanatuta. Baina txarrena hatsa zen. Itota moduan geunden.

—Nahi baduzue, zabaldu armairua —esan zigun gizonak komunetik—. Panpina handi bat topatuko duzue, eta jostailu batzuk.

Armairuko atea zabaldu eta parez pare ikusi genuen panpina hura, inoiz ikusitako itsusiena. Gainera, ez zuen arroparik.

—Begira gauza horiei! —esan zidan Maiderrek.

Bat hartu nuen eskuan.

—Zer handia, ezta? —esan nion Maiderri.

—Gustatzen zaizue? —galdetu zigun gizonak.

Burua ikusten zitzaion komunetik kanpora, guri begira.

—Jolastu berarekin beldurrik gabe. Eta probatu. Zapore berezia du.

Armairu barruan utzi nuen.

—Ez. Etxera joan nahi dugu —esan nion.

Beldurtuta nengoen, eta Maider ere: beraren dardara igartzen nuen neure atzealdean.

—Orain? Eta gure jolasa?

Komunetik atera, eta gugana etorri zen. Gorputza tatuajez beteta zuen, eta orbain luze bat zilbor paretik behera.

—Ez duzue beldurrik izan behar. Momentu batean amaituko dugu jolasa, eta gero etxera joan ahal izango zarete.

—Ez! Orain joan nahi dugu —esan nion.

—Ez izan ume gaiztoak. Txarto portatzen diren umeek zigorra jasotzen dute.

Haserretuta zirudien gizonak. Sukaldera joan zen, “zigorra jasotzen dute” behin eta berriro esanez.

—Ikusi diozu? —galdetu nion Maiderri.

Baietz erantzun zidan buruaz. Ikaratuegi zegoen hitz egiteko.

Handik lasterrera etorri zen berriro. Giltza bat zekarren eskuan.

—Ume gaiztoen gelan egongo zarete zati batean, pentsatzen. Eta badakizue: etxera joan nahi baduzue, lehenago jolasa erakutsi behar dizuet. Horretarako etorri zarete hona, ezta?

Armairuko atea zabaldu zuen. Hondoan, beste ate bat ikusi nuen. Bertako sarrailan sartu zuen giltza.

—Purgatoriora! —agindu zigun.

Maider negarrez zegoen.

Armairu barruko atea zeharkatuta, erabateko iluntasunean sartu ginen. Gure atzean, gizonak atea zarratu zuen.

Gela txikia zirudien. Agian, armairu handi bat zen, beste armairuaren atzealdean. Han ez gintuzten egundo ere aurkituko.

Maider negar eta negar zebilen. Besarkatu egin nuen, kontsolatzeko. Han barruan hatsa eta beroa jasanezinak ziren: hildako animalien kobazuloa zirudien. Eta txarrena ezer ezin ikustea zen, ez jakitea zer zegoen han barruan.

—Entzun duzu hori? —galdetu zidan Maiderrek.

—Zer?

—Intziri horiek.

Orduan konturatu nintzen: Maiderren eztarritik ez ezik, beste nonbaitetik ere zetozen intziriak. Gugandik hurbil zeuden. Hurbilegi.

Zer zegoen han barruan? Edo nor? Geldirik geunden. Beldur ginen besoa luzatuz gero intziri haien sortzailea ukituko ote genuen. Baina beldurrak ere neurri bat izaten du: gainezka egiten duenean, edozer egiten duzu hura uxatzeko.

Besoa luzatu nuen, beldurraren sortzailea ukitzeko.

—Horma bat dago —esan nion Maiderri.

Belarria jarri nuen horman. Bestaldetik zetozen intziriak.

Ez dakit zergatik izan zen, beldurragatik, hatsagatik ala beroagatik, baina zorabiatzen hasi nintzen. Besoa luzatu nuen: Maider lurrean etzanda zegoen, lo edo konorte barik.

Ahots batek iratzarri gintuen. Gizona zen.

—Eta orain zer? Jolastu nahi duzue, ala hirugarren armairura pasatu nahi duzue?

Baietz erantzun genion, prest geundela jolas hura ikasteko.

—Ondo da. Ohe gainean duzue jolaserako arropa eta filmean ikusi dituzuen beste gauza horiek.

Handik ordubetera eskaileretan behera gindoazen. Kalera irten orduko, Sebastian Palomares jartzen zuen gutunontziari begira, elkarri zin eragin genion etxe hartan gertatutakoa ez geniola inori ere kontatuko.

Gaur arte. Gaur jakin dut Maider ezkondu egin dela. Beste batekin. Horixe izan zen egun hark eragin zuen beste tragedia: gure arteko erlazioa eten egin zuela. Eta hori ez diot sekula barkatuko gizon hari. Elkarri agindua genion nagusitzen ginenean ezkonduko ginela, baina, egun hartatik aurrera, nork bere bideari ekin zion.

Urteak pasatu dira ordutik. Asko. Irudipena dut etxe hartan gertatu zitzaiguna idatziz jartzeak amesgaiztoak gainditzen lagunduko didala. Horixe nahi nuke. Baina zaila da. Beharbada horixe da Maider eta biok oraindik lotzen gaituen hari bakarra, zeren seguru nago beraren amesgaiztoetan ere oraindik agertzen dela ahots hura, hirugarren armairutik intziri artean entzun genuen ahots latz hura.

 

Bernardo Kapanaga

 


Utzi iruzkina: