Samuel Carrillo

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2009-04-29 11:53

Samuel Carrillo urduri dago. Abokatuak jesartzeko esan dio. Bulegoa argitsua da, garbia. Hormetan abokatuaren tituluen prozesionaria ikusi du, eta pare bat koadro, gida baten azalpenik gabe ulertzen ez diren horietakoak.  

  • Zure esanetara naukazu, Carrillo jauna.
 

Samueli hitz egiten hastea kostatu zaio. Oraindik ez daki zer egin behar duen, gizon hari barrenak erretzen dizkion hura kontatu ala altxatu eta lasterka ospa egin. Kontatzeko duena ez baita amama Petraren gatzatu gozoa, ez horixe. 

  • Nire emazteak Gary Cooperrekin engainatzen nau.
 

Horrela bota dio, braust. Abokatuaren bekokian zimurrak agertu dira.  

  • Eta Kirk Douglasekin. Eta Paul Newmanekin.
 

Samuelek lehen antzeman ez duen arrakalatxoa ikusi du horma batean. Ehun kilometrora ere igarriko lioke sismografo batek barne-ikara, erraiak inarrosten dizkion mugimendu teluriko hura.  

  • Ez dakit lagundu ahal izango dizudan, Carrillo jauna. Ni abokatua naiz…
  • Eta ez psikiatra, ezta?
 

Isilunea. Berba egiten duen isilunea. 

  • Lehenago dena kontatuko dizut. Gero, zeuk erabaki nire kasua onartu ala ez.
 

Abokatuaren zimurrek baietz erantzun diote. 

  • Dena hasi zen Wii dontsua erosi nuenean. Ordu onean bururatu zitzaidan!
 

Samuelen eztarria urratu egin da. Abokatuak ura eskaini dio. Dangada luzea egin du. 

  • Badakizu, tenisean-eta egiteko. Egongelako mahaitxoa ere kendu genuen, lekua izateko. Garestia da trastea, baina zer nahi duzu esatea, emazteak nahiago zuen ni etxean egotea lagunekin txikiteoan baino. Hasieran behintzat. Baina tira, harira joan nadin. Wii horrek gehigarriak ditu, gero eta tresna ahaltsuagoa da. Nire emaztea oso zinezalea da, betidanik gustatu zaio. Uste dut bere frustraziorik handiena aktorea ez izatea izan dela. Eta izan, bada. Nola engainatu nauen urte hauetan guztietan, ni maite nauela sinetsaraziz. Ederra sartu dit suge halakoak, eztei egunean ere antzezpen borobila egin zuen abadearen aurrean bai esan zidanean, malko eta guzti, aktore onenak bezalaxe…
  • Carrillo jauna…
  • Barkatu, berriro desbideratu naiz. Neuk erosi nuen Wiia, baina denborarekin aspertu egin nintzen, sekula ez naiz tenislari ona izan. Zaletu, andrea zaletu da. Ez dit jaramonik egiten, bere arreta guztia makina hartarako du. Baina berea ez da tenisa. Beste jolas batean ibiltzen da: elkarrizketa luzeak izaten ditu bere gustuko aktoreekin. Tramankulua piztu eta aukeran agertzen zaizkion Hollywoodeko izarrak. Filmetako eszena aukeratuak, maitasunezkoak. Ni horiek guztiek gogaitu egiten naute. Badakizu, nik akzioa gustuko dut, Rambo-eta, Swazeneger-eta… Baina zinemara joaten garenean nork erabakitzen du zein film ikusi? Berak, jakina. Ni asper-asper eginda, eta bera nire ondoan barik, pantailan sartuta. Ez dakit zer gustu hartzen dizkion film horiei, zertarako eta negar baten ibiltzeko… Ni, ostera, butakan ondo etzan eta lotan ematen dut denbora alfer hori. Ondotxo ezagutzen dituzte nire zurrungak Hollywoodeko aktore melenga horiek!
 

Abokatuak mahai gaineko erlojuari begiratu dio. Berak txikiteoan bidaliko luke aurrean duen morroi gogaikarri hura, bai horixe. Baina ezeren gainetik profesionala da. Pazientzia. 

  • Ba, esaten nabilen moduan, aktoreekin ibiltzen da hizketan. Berak Audrey Hepburnen papera egiten zuen, edo Ingrid Bergmanena, edo Lauren Bacallena. Zenbat “maite zaitut” entzun dizkiodan, niri ez, baizik eta aktore horiei guztiei esaten! Eta hori izan balitz guztia, txarto ere ez! Egon, egon, oraindik azken txapligua falta da eta.
 

Abokatuak mahaiko tiradera bat zabaldu du. 

  • Inporta zaizu erretzen badut?
  • Ez, ez, aurrera. Neuk ere erreko nuke bat, ea horrela lasaitzen naizen. Emazteak galarazi egin zidan, berarekin ibiltzen hasi nintzenean argi utzi zidan: edo tabakoa, edo bera. Ni txotxolo bat nintzen, eta erretzeari utzi nion, ondo kostata barren! Badira hamabost urte, aizu. Baina hor konpon, ekarri zigarrotxo bat, lehertu egingo naiz bestela.
 

Lehen zupada begiak itxita egin du. Erabateko plazerra sentitu du, lasaitasuna.  

  • Hauxe behar nuen esateko dudana bota ahal izateko. Berdin dit zorotzat banaukazu. Hara: nire emaztea haurdun dago, eta umea ez da nirea.
  • Eta zer ikusi du horrek orain arte kontatu didazunarekin?
  • Badu, bai. Hona hemen froga!
 

Eta hiltzailea harrapatu duen detektibearen irribarreaz, zutitu eta jakaren barruko poltsikotik bibragailu antzeko bat atera du.  

  • Honexek ernaldu dit emaztea! Bai, ez begiratu aurpegi horrekin! Den-dena kontatuko dizut, oraintxe bertan.
 

Abokatuaren zimurrak erreka gaziak dira. Eskuzapiaz lehortu du izerdia, erlojuari begiratzen dion bitartean. Orratzek zizare lokartuak dirudite. 

  • Egun batean gortinen atzealdean ezkutatu nintzen. Eta badakizu zer? Emazteak Wii dontsu hori piztu, Cary Granten film bat jarri eta elkarrizketa luze horietako bati ekin zion. Baina egun hartan urrunegi joan zen kontua. Nik neuk ikusi nuen nola konektatzen zuen bibragailua! Ez sinestekoa izan zen nola aldatu zitzaion aurpegia Cary Granti, hura ez zen inondik inora filmeko eszena bat, ez horixe, gidoitik kanpora ari zen, eta nolako grinaz gainera, zezena ematen zuen, eta emaztea irrintzika, bibragailu edo dena delako hura hanka artean sartuta, eta zelako garrasiak, pentsa ezazu neu ere berotu nintzela, han, gortinen atzealdean, emaztea sekula ez dut horrela ikusi, halako pasioaz, seguru auzo guztiak belarria hormaren kontra egon zirela, Milango Scalan ere nekez entzungo zituzten horrelako intziriak…
  • Eta?
  • Ba horixe: handik aste batzuetara hara non datorkidan andrea, haurdun dagoela esaten. Eta nik badakit nirea ez dena. Ez dut jakingo ba! Ez dut uste azalpen handirik eman behar dudanik. Nire pistolak ez du azken bi hilotan tirorik egin. Tira, bai, baina airera bakarrik, ulertzen didazu, ezta? Nik badakit zein pistolarik egin dion tiro andreari: Cary Grant hori izan da! Azter dezatela hazia, azter dezatela! Sos guztiak kenduko dizkiot harroputz horri, bere aitatasuna frogatzen dugunean. Lagunduko didazu, ezta?
 

Abokatuak erlojuko zizareei begiratu die. Orduantxe ikusi du argia: bere aurrean du hurrengo eleberrirako gaia, hala-moduzko idazlea izateari uzteko abagunea. Akabo erdipurdikeriak, oraingoan bai, best-seller arrakastatsua idatziko du, morroi haren kontura. Altxatu eta eskua luzatu dio, irribarreka. 

  • Carrillo jauna, goazen txikito batzuk hartzera!

 

Bernardo Kapanaga




Utzi iruzkina: