Salvador Lorca

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2009-06-10 18:09

Salvador Lorca, bigarren belaunaldiko hildakoa, Richard Serraren denboraren materiako labirinto herdoilduan halako mozkor artritiko-artistikoak eragindako desoreka emozionalez zipriztinduriko abiada eliptikoan zihoan, titaniozko tenplu haren erraldoitasunean zirrara mistiko-turistikoan atoian doan botila mezugabearen antzera, ahots batek bere pentsamendu asteriskoz beteen zurrunga desafinatua eten zuenean.  

—Egia izango banintz, amets merkeak egingo nituzke, orrazirik behar ez duten horietakoak.

Salvador Lorca, oihanean galdutako arbola eroriaren urgentziaz, ahots glaziar haren dardarizo fluoreszentean lamia bat begiztatu zuen, lurrean etzanda, biluzik, ezpainetatik esne-odola zeriola. Belaunikaturik, isurkari hura edan zuen, haitzuloaren urnegarra edaten duenaren gurtzaz, eta segundo baten infinitotasunean, bere arbasoek ereindako zementu guztia eguzki galdatan lurrunduko litzatekeen gisan, halaxe sentitu zuen desgorpuztearen subjuntibotasuna.

Hegazti multikoloreen frenesi orkestratua sentitu zuen bere erraien kaioletan, leize sakonetan ahaztutako grina telurikoa tentetu zitzaion, galaxia urrunen ametsetan suztatzen den kohete garrez betea.

—Narruskidak!

Lamia mintzo zitzaion, lurretik. Bere ezpainen bibrazio gorriztak lurrin lorrinen ahairea ekarri zion, hain hordigarria, hain limurkorra. Eskua sentitu zuen, lamiaren eskua suge isil baten modura belaunetik gora egiten, izterraren barnealdean bere arnasa labainkor haren kili-kili erektrikoak. Eta suge hura bere sugearekin korapilatu zen, eta nola egin zion tenka, zelako indarrez kosk egin zion bere bost mizto jostari haiekin, nola makurrarazi zuen, ezpain hegoaldetar haien ataurrera erakarri arte!

Salvador Lorcak bortxaz egin zion eraso, zirrikitu bero haren barrunbeetan oldarka sartu zen; edo ez, kontrara izan zen: zirrikitu hura gargantua baten ahoaren moduan zabaldu eta irentsi egin zuen, xurgatu. Olagarro eskerga batek itotzen zuen, eta barnebide  haren katakonbetara amilarazten.

Toki haren argitasun oskorrian arrain urduriaren taupadak sentitu zituen, aurrera egin ahala zoliago entzuten zituenak. Atsegin-laster haren baitan kulunkaturik, hodei-lumaz eginiko lastairak iruditu zitzaizkion inguruan zituen horma bigun haiek, horma busti haiek, horma gori haiek. Eta taupaden doinua eta erritmoa handituz joan ziren, zeruko izar guztiak danbor bilakatu balira bezala, dantza kosmorgasmiko hartan. Zutarriak zut, meteoritoak legez txistu bizian desarratu ziren, galapa eroan, unibertsoaren erdirainoko lasterketan. Galaxien talka izan zen hura, fusio nuklearraren espasmo neurrigabea, eszitazioaren estazio eternala, eta hain laburra, ondikotz!  

Sumendiak esne magmatikoa goitikatu zuenean, Salvador Lorcak lamiaren orroak entzun zituen, ozen:

—Txuria gora! Txuria gora!

Eta kometa baten modura goraka hasi zen lamia hura, goraka, titaniozko tenplu haren ganga aldera, eta eztanda bat entzun zen orduan, trumoia lakoa. Han zihoan suzko bola hura, beti gora, eta oraindik bere barnean Salvador Lorca, bere arrain-bihotzaren taupadak gobernatu ezinik. Hodei beltzen artean desagertu orduko (beti gora, beti gora), han behean titaniozko tenplua ikusi zuen, sutan, ondoko ibaian desagertzen, sekula izan behar ez zuen bekatariaren damuaz.
 
 
Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: