proiektu astrotegiko
Ekintza militarrekin lotzen da estrategia hitza. Baina, hedaduraz, badu beste esangura bat: helburu bat lortzearren, ekintzak koordinatzean datzan artea.
Beraz, estrategia artea da. Eta zer da artea? Hitz hori normalean museoekin lotzen dugu, baina baditu beste esangura batzuk. Horien artean, oso esanguratsuak dira honako hauek:
· (Ipar.) Maltzurkeria, amarrua.
· Harrapagailua, zepoa.
Has gaitezen estrategia hitza aztertzen, eta hitz horretatik eratorritako estratregiko adjektiboa:
Estrategia, guk dakigula, ona edo txarra izan daiteke. Ligatzeko orduan, adibidez, gure gaztaroko zapatu gauak estrategia txarren ondorioz hondatzen genituen: total mozkortzea zen gure estrategia bakarra, eta —behin txikitoen ilara luzatzen hasten zenean— Leizarragaren Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berriaren pasarteak nesken aurrean buruz errezitatzea, inpresionatzearren. Jakina, pikutara bidaltzen gintuzten. Katuak egitera.
Eta zer esan estrategiko adjektiboaz eta haren erabilera makurraz? Batzuei kataplinak dardarka hasi zaizkie, Gipuzkoan “proiektu estrategikoak” geldiarazteko arriskua dagoela-eta. Adjektibo hori darabiltenean, kontzeptu hau sartu nahi digute buruan: ezinbesteko, hil edo biziko. Badirudi haiek barik hondamendira goazela. “Gipuzkoa aurrera” izeneko trukumailua arriskuan ikusita, hizkeraren artea hasi dira erabiltzen. Hots, maltzurkeria. Amarrua. Zepoa.
Bai, beste askotan bezala, zenbait politikari megalodemokratak malmuzkeriaz erabiltzen dituzte hitzak. Zergatik diogu hori? Bada, estrategiak onak edo txarrak izan daitezkeen bezalaxe, proiektuak ere onak (bideragarriak, lehentasunezkoak…) edo txarrak (bideraezinak, bigarrentasunezkoak…) izan daitezke. Beraz, “proiektu estrategiko” dontsu horiek ez dira inondik ere ezinbestekoak. Sinonimotzat saldu nahi dizkigute, baina jai dute. Guri behintzat ez digute ziria sartuko.
Lehentasunek, batzuen ahoetan behin eta berriro errepikan ari diren kanpai gogaikarri horiek, lehenkeriak dirudite: kosta ahala kosta egin beharrekoak (abiadura handiko trena, Pasaiko kanpo-portua…). Lehenkeriazko proiektu horiek gabe, Gipuzkoa atzera joango dela diote. Berriro ere, hizkuntzaren erabilera makurra nagusi. Izan ere, aurrera egitea ez da berez ona, besteak beste aurrera jarraituz gero zuzen-zuzenean labarrerantz bagoaz. Era berean, atzera egitea ez da berez txarra.
Batzuetan atzera egin behar da. Adibidez, zerbait txarto egiten duzunean, ez da komeni horretan tematzea. Hor dugu Yolanda Barcina, proiektu estrategikoen defendatzaile totemiko horietako bat. Onartu egin du urteetan egindako bekatua: poltsikoak diru-hotsez bete dizkiote, eta bera poz-pozik. Baina lasai, ez da berriro gertatuko. Hori dio berak. Hobe luke, behin atzera egiten hasita, diru hori guztia bueltatuko balu. Jakina, hori zientzia-fikziozko film utopikoenetan ere ez litzateke gertatuko…
Bide okerren bat hartuz gero, edo bidetik ateratzen garenean, atzera egitea beste erremediorik ez dago. Bidegurutzera bueltatu, eta bide ona hartu. Ez da ezer pasatzen bide okerra hartu duzula aitortzeagatik. Badakizue zer dioen esaerak: jakitunen legea, zuzentzen jakitea.
Baina ez: politikari hauen tema galanta da gero! Zortzi mila metroko tontorrera derrigor heldu behar duten mendizale juaniteskoak dirudite. Buelta eman? Pentsatu ere ez! Atzera egin? Hori oilobustiek egiten dute! Eta hor jarraitzen dute, gipuzkoaurreraka!
Megalomanoak dira. Proiektu estrategikoak ez, astrotegikoak gustatzen zaizkie. Erraldoiak. Faraonikoak. Jupitertarrak. Eta, beste ezeren gainetik, tematiak dira. Ez dute ikasiko beste herrialde batzuetako politikariengandik. Bai zera! Gure politikari-aldrarentzat, atzera egitea okertuta egon direla aitortzea da: hori dimisioa aurkeztea bezain zientzia-fikziozkoa da.
Gipuzkoak aurrera egiteko modu bakarra, gure politikari astrotegizaleentzat, izadia porlaneztatzea da. Porlanaren orgia maite dute. Zergatik ote? Susmoa dugu proiektu astrotegiko horien benetako helburua meganegozio horien itzalpean mugitzen diren maletatxoen erraietan ezkutatzen dela. Proiektu astrotegikoen estrategia bikain erabiltzen dute gure politikariek. Artistak dira: Gipuzkoaren aurrerabidea arte moduan jartzen dute, eta, bien bitartean, haien poltsikoek egiten dute aurrera.
PROIEKTU ASTROTEGIKO: gure politikariek (eta haien poltsikoek) hain gogoko dituzten triskantza ekologiko horietako bakoitza justifikatzeko izendapena; porlan-hondamendi erraldoia.
Pasaiko kanpo-portua Gipuzkoako proiektu astrotegiko nagusietako bat da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: