Presidentearen hilketa

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2025-01-18 17:39

Polizia-etxera joan naiz.

-Neure burua salatu nahi dut. Bart presidentea hil dut. Isil-isilik sartu naiz haren logelan, eta labana sartu diot bihotzean.

Poliziak goitik behera begiratu dit, eroturik banengo lez.

-Jauna, hona ez etorri zorakeriak kontatzera. Badugu nahikoa lan...

-Ez nauzue sinesten? Benetan ari naiz eta!

-Jauna, presidentea bizirik dago. Gaur goizean elkarrizketa bat egin diote irratian.

Zalantzan geratu naiz.

-Baina orduan... amets bat besterik ez da izan?

Asaldaturik irten naiz polizia-etxetik. Noraezean ibili naiz kalerik kale, mozkorturik lez. Azkenean, abaildurik bueltatu naiz etxera.

Afaldu barik oheratu naiz. Luze barik, loaren olatuak igarri ditut betazalak bustitzen, eta goxo-goxo barneratu naiz ametsen olatuetan.

Eta, olatuen artetik, ahots bat entzun dut.

-Dei bakarra egin dezakezu.

Poliziak telefonoa eskaini dit.

-Ez dut behar. Ez daukat lagunik.

Ziegara eraman naute. Hango isiltasunean, lasai sentitu naiz: presidentearen bularrean aurkitu duten labanean nire hatz-markak identifikatu dituzte.

Ez, dagoeneko poliziek ez dute zalantzarik: neuk hil dut presidentea.

 

Bernardo Kapanaga

 

 


Utzi iruzkina: