Patxi Bare
Behin batean, bazen mutiko bat beti azkena geratzen zena bere gelakoen arteko lasterketetan. Horregatik, gelakideek Patxi Bare deitzen zioten, barea bezain motela zen eta.
—Patxi Bare, noiz egingo duk lasterketa nire ortuko barraskiloekin? –galdetzen zion beti Zigorrek, lasterketa guztiak irabazten zituen mutiko harroputzak.
Zigor gelako indartsuena zen, eta beti zirika eta burlaka ibiltzen zitzaion. Patxi Barek “Betini” deitzen zion, modu sekretuan, egoista hutsa iruditzen zitzaiolako. Bazirudien unibertsoaren erdia hura zela, eta gelako enparauek berak agindutako moduan dantza egin behar ziotela inguruan…
Betinik adarra jotzen zionean, inork ez zuen Patxi Bareren alde egiten. Eta Patxi Bare negarrez hasten zen. Beti negar baten amaitzen zuen, eta bareenak baino muki luzeagoak ateratzen zitzaizkion sudurzuloetatik.
Egun batean, eskolako jaian, txokolatada egin zuten. Betiko moduan, Patxi Bare ilarako azkena izan zen. Ordu erdi itxaron ondoren, bere txanda heldu zen. Lapiko handian txokolate hondar bat geratzen zen, eta horixe bota zioten edalontzira.
“Hau zorte txarra nirea!”, pentsatu zuen Patxi Barek, edalontziko txokolate hondarrari begira. Dangada baten edan zuen, hain gutxi zegoen…
—Ai! –deiadar egin zuen, atzamarra ahora zeramala.
Harrituta, Patxi Barek zera atera zuen aho barrutik: arrain hezur bat. “Bai zorte txarra nirea!”, pentsatu zuen berriro. “Txokolate hondarra gelditu zait, eta gainera arrain hezur bat zegoen bertan!”
Eta negarrez hasi zen, betiko moduan. Negar baten, gizajoa. Eta mukiak gelditu barik ateratzen zitzaizkion sudurzuloetatik, bareenak baino askoz ere luzeagoak. Bost mukizapi ere ez ziren nahikoak izango muki haiek guztiak kentzeko! Baina mukien ibaiak ere noizbait geratu behar dira, eta Patxi Bare etxerantz abiatu zen, arrain-hezur hura oroigarri moduan hartuta (seigarren mukizapian bildu zuen, eta poltsikoan gorde).
Dena horrela geratuko zen, gau hartan Patxi Barek, justu lokartu baino lehen, bere arropak jarrita zeuden aulkira begiratu ez balu. Badakizue zer ikusi zuen? Iluntasunean diz-diz egiten zuen zer edo zer. Ohetik altxatu, bertara joan eta diz-diz egiten zuena eskuan hartu zuen: seigarren mukizapia, hain zuzen ere. Egia esanda, mukizapi barruko arrain-hezurra zen diz-diz egiten zuena. Esku ahurrean jarri zuenean, logela guztia egunez bezala argitu zen, baina argitasun hura sekula ikusi gabekoa zen, zoragarria benetan! Tira, inork ez dezala pentsa Walt Disneyren printzesen film txatxuetan agertzen diren makilatxo magikoek ateratzen duten argitasuna zela. Kontrakoa: infernutik bertatik sortutako argi gorri antzekoa zen hura.
Patxi Barek hura zer ote zen galdetu zion bere buruari.
—Nire laguntzarekin garaiezina izango zara! –entzun zuen, begiak zabal-zabalik zituela, kanpandorreko erlojuak bezala.
Ai ene! Arrain-hezur bera zen berbetan zebilena!
—Bai, ez zaitez harritu! Ni arrain-hezur suntsitzailea naiz, munduko ezpata guztiak baino boteretsuagoa.
Patxi Barek ezin zuen ikusten ari zena sinetsi. Baina arrain-hezurrak han jarraitzen zuen hizketan, naturaltasun guztiaz:
—Begira, nire ezaugarriak frogatzeko, zerbait proposatuko dizut: sar nazazu Betini harroputz horren ipurdian, eta ikusiko duzu zer gertatuko den. Baina egin ezazu disimuluaz, inor ez dadila fijatu.
Orduan bai gelditu zela Patxi Bare txundituta! Ez zen hainbeste harritu arrain-hezur hark berba egin zezakeelako, baina nola arraio zekien hezur hark berak Zigorri “Betini” deitzen ziola? (Inork ez zekien, baina inortxok ere, ezizen horren berri, modu sekretuan erabiltzen zuen eta, badaezpada ere).
Edonola ere, lotara joan zenean, zoriontsu sentitu zen. Uste osoa zuen arrain-hezur hark zortea ekarriko ziola. Bai horixe, handik aurrera inork ez zion barrerik egingo, ezta Betini kankailu hark ere!
Eta bai, azkenean ailegatu zen momentu hori: komunetan topo egin zuten. Betini txiza egiten zebilela, Patxi Bare atzetik hurbildu eta arrain-hezurra sartu zion ipurdian.
—Hi, zertan habil, kaka-zirin hori!
Patxi Bare beldurrak airean zebilen, arrain-hezurrak ez baitzuen ezertxo ere eragin. Txarrago oraindino: Betinik paparretik heldu eta dinbi-danba belarrondoko itzelak eman zizkion. Astindu ederra hartuta joan zen ikasgelara, belarriak gorri-gorri eginda! Bertan, ostera, miraria gertatu zen.
—Andereño, Zigor lurrera jausi da!
Unax, Zigorren ondoan jesartzen zen mutikoa zutunik zegoen, atzamarraz lurrera seinalatzen zuela. Orduan ulertu zuen Patxi Barek arrain-hezurraren eragina ez zela berehalakoa, ordu laurdenera-edo hasten zela igartzen.
Denak joan ziren Zigorren ingurura. Lurrean zegoen, bai, eta airea galtzen ari den puxika zirudien. Gero eta meheago, gero eta txikiago egiten ari zen. Azkenean, pikupasa baten antzera geratu zen, eta zakarrontzira bota behar izan zuten. Patxi Bare poz-pozik zegoen bere lekuan jesarrita, baina ez zuen txintik ere esan, badaezpada ere.
Biharamunean gauza bera egin zuen Unaxekin, Betiniren lagun kuttunarekin: arrain-hezurra sartu zion ipurdian, eta handik ordu laurdenera pikupasaren antzera geratu zen, hilda. Berdin egin zuen hurrengo egunetan Betiniren koadrilako guztiekin. Mendeku ikaragarria izan zen. Zenbat bider barre egin zioten aurpegira haiek guztiak, zenbat bider zapaldu eragin zizkioten txakur kakak… Gogoratzen zuen behin aurpegia behi-gorotz baten sartu ziotela, “jan pastela, Patxi Bare!”
Baina orain hilda zeuden, Betini eta bere lagun harroputz guztiak pikupasa koadrila bihurtuta, kar-kar-kar! Jakina, ez zituzten ikasgelako zakarrontzian utzi. Handik atera eta kanposantura eraman zituzten guztiak.
Hainbeste mutiko hil zirenez hain denbora laburrean, azkenean poliziak etorri ziren eskolara, ikerketak egitera eta kasu ilun hura argitzera. Orduan, Patxi Bareri ideia bikaina bururatu zitzaion, susmagarritzat har ez zezaten: bere buruari ziztatuko zion arrain-hezurra. Horrela, denek sinetsiko zuten bera beste biktima bat zela, eta hiltzaile misteriotsuaren bila jarraituko zuten poliziek. Kanposantura eramango zuten, eta han, bakarrik uzten zutenean, badakizue zer egingo zuen? Arrain-hezurra pitilin puntan ziztatu! Bai, arrain-hezurrak berak proposatu zion plana, Patxi Barek polizien ikerketarena azaldu zionean.
—Zu lasai egon, pitilin puntan ziztatzen banauzu berriro puztuko zara!
Pentsatutako legez egin zuen. Bere familiak kanposantura eraman zuen, eta hilobian jarri zuten. Kanposantu hartan ohitura zuten hilobian bi zulotxo egiteko, hildakoek handik begiratu ahal izateko. Bertatik ikusi zuen Patxi Barek nola joan ziren etxera bere familiakoak, makina bat otoitz egin ondoren. (Rodolfo txakurra besoetan hartu behar izan zuen amamak, ez zuen handik alde egin nahi eta; zer edo zer susmatuko zuen?)
Bakarrik gelditu zenean, poltsikoan gordeta zuen arrain-hezurra atera, eta pitilin puntan ziztatu zuen. Handik lasterrera, birikak puzten ari zitzaizkiola hasi zen sentitzen, eta arnasa hartu ahala gorputz atal guztiak itzartzen hasi ziren. Bazirudien puxika bat zulotxotik airea botaz puzten den bezalaxe, norbait bera ere puzten zebilela, pitilin puntatik haizea emanez. Ordu laurdenera betiko moduan zegoen, edo agian oraindino potoloago, eta indartsuago.
Inor ez konturatzeko berpiztu zela, akordio batera heldu zen hilobi barruan bizi ziren bi ipurtargiekin (Xixili eta Kikili deitzen zirela esan zioten): Baten bat hurbiltzen zela igartzen bazuten, hilobiko bi zulotxoetan jarriko ziren argi egiten, eta horrela bisitariak pentsatuko zuen Patxi Bare izango zela handik barrutik begira zegoena. Eta halaxe egin zuten.
Bitartean, Patxi Barek hilobitik ospa egin zuen, satorren pasabideak baliatuta. Horretarako beste bi ipurtargik lagundu zioten, lur azpian dena ilun-ilun zegoen eta (Titili eta Mimili izan ziren, hain zuzen ere). Bi ipurtargi horiek ondo-ondo ezagutzen zituzten pasabide guztiak, baina bat-batean zerbait arraroa gertatu zen, lurrikara bat bezalakoa. Lurra mugitzen hasi zen, eta halako batean kobazulo batera jausi zen Patxi Bare.
—Ongi etorri gure kobazulora!
Horrelaxe agurtu zuen lurrean jesarrita zegoen mutiko batek. Satorrei harrapatutako janaria jaten ari zen, eta berarekin beste hiru lagun zituen. Eurekin jesartzera gonbidatu zuten, eta horixe egin zuen Patxi Barek, oso gosetuta zegoen eta. Satorren janaria oso gozoa iruditu zitzaion. Ondoren, aurkezpenak etorri ziren. Lehenengo berak aurkeztu zuen bere burua, eta bere historia kontatu zien: nola topatu zuen arrain-hezurra txokolate barruan, nola hil zituen Betini eta beraren lagun harroputzak, eta nola iritsi zen haraino hilobitik, lurrikararen ondorioz. Amaitutakoan, besteen txanda hasi zen: Martin Lupu, Bartolo Txorongo, Txanton Pirri eta guztietan arraroena zena, Hassan Hezin.
Horiek ziren lurpeko kobazulo hartan bizi ziren bere lagun berriak. Denen artean isilpeko elkarte bat sortzea erabaki zuten: Mukimoltsoak. Abentura askotarako prest zeuden, dudarik gabe. Baina ezertan hasi baino lehen, Patxi Barek egindako moduan, bakoitzak bere historia kontatu zion, ipuina izango balitz bezalaxe. Bai historia harrigarriak Patxi Barek entzun zituenak! Zeuek ere, prest zaudete entzuteko?
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: