PATATA FRIJITU BATEN MEMORIAK
Bai, zin dagizuet:
gauzak beti joan ahal dira okerrera, belea ere beltzago egin daiteke.
Zalditik astora eta astotik lurrera ibili naiz ni, horra hor nire bizitzaren
laburpena.
Nire memorian urrun
gelditu da denda erraldoi hartara eraman gintuzten eguna. Zakutan. Metatuta.
Sekula ez dut ikusi hainbeste patata batera.
Gure aldean, oiloak
ere ezin dira kexatu, kartzela txiki horietan pilatuta bizitzera behartzen
dituztela eta. Neu ere biziko nintzateke horrela, inongo ardurarik gabe:
jaten ematen dizute, badaukazu non bizi, babestuta zaude. Kaioletan
bizi diren oiloen ametsetan ez da azeririk. Eta zuen kontutxoez jardun
ahal duzu egun osoan kokoriko, patxada ederrean. Eta horren truk, arrautzak
errutea besterik ez. Uste dut zorion perfektua oiloa izatea dela. Oiloen
adimena nahi nuke niretzat.
Auskalo zenbat patata
kilo gainean izateak ez dizu pentsatzen uzten. Handik irtetea besterik
ez duzu desiatzen. Eternitatea begitandu zitzaidan han eman nuen denbora
mortua. Baina eternitatea ere amaitzen da noizbait.
Esku batek anabasa
hartatik jaregiten zaituenean ixten da historiaurrearen atea patata
batentzat. Orduantxe hasten zara benetan pentsatzen, orduantxe etortzen
zaizkizu aldran hainbat sentsazio, baina guztietan boteretsuena, bat:
BELDURRA.
Enorantziak ez zaitu
beldurra gobernatzen uzten. Artean ez baikenekien ezer. Gurekin batera
zihoazen haiek guztiak zer ziren ere. Sentipena daukat denak beldur
haren mende ginela. Plastikozko poltsa haien barrunbeetan nahastuta
gindoazen izaki genero guztien ezinegona usaindu nezakeen, nire arnasa
bera balitz bezala.
Bidaia ez zen luzea
izan. Laster iritsi ginen etxera. Eskuak banan-banan atera gintuen poltsetatik.
Eta bakoitzari toki bat eman zigun, unibertso partikular hartan. Gu
suetean geratu ginen, labearen azpiko tiradera hartan, kipulen eta berakatzen
bizilagun. Haraxe aienatu gintuen patuak.
Bakardadea zabarkeriaren
adiskidea da. Ahanzturarena. Mutila bazara, bakarrik bizi bazara, eta
zure esperantzak egutegiko orriekin batera deseginak badira, galduta
zaude. Alferrik da ispiluari begiratzea. Ez duzu egundo zeure gainbehera
antzemango. Eta ez ispilua zikin dagoelako, berdin dizulako baino. Begiratzeko
ahalmena sorgortuta daukazulako. Eta zure etxea, pixkanaka, deboilamenduak
jango du. Zikinkeria ikustezin bihurtzen baita solitarioen bizitzetan.
Eta objektuak, tokiz kanpo egotearen egoteaz, hondakin egiten dira.
Horra hor egiaren letra guztiak.
Horixe izan zen gure
galdu-beharra: tiradera hartan geratu ginen, ahaztuta. Egunetan. Asteetan.
Hiletan. Hortxe mamitu zen gure tragedia. Patata lirainak izan ginen
noiz edo noiz, baina denborarekin zimurtuz joan ginen. Eta gure senak
esaten zigun ez ginela horretarako sortu. Arrengura horrek kiskaltzen
gintuen han barruan, espetxe ilun hartan, gure gorputz behinola gazteen
usaina kirats bilakatzen zela jasan ezinik.
Eta zer esan gure
bizilagunez? Kipulen egoerak lasterka hasteko gogoa ematen zigun. Nork
bizi nahi du kipula ustelduekin? Berakatzak ez aipatzeagatik. Nork maita
ditzake izaki txiki horiek? Ezta banpiroek ere! Hango iluntasunean,
gure usteltzearen soinu isila aditzen genuen, baina ordurako ernegua
ere desegina zen: etsipena baino ez zitzaigun geratzen. Heriotzak gorpua
nola marraskatzen duen entzutea bezalakoa zen iluntasun basa hura.
Eta etsipena ere desegina
zitzaigun behinola baten, tiradera zabaldu egin zen. Lehenengo kipulak
ikusi nituen desagertzen: hildako munstroen museoan egoteko ere ez zuten
balio koitaduek. Ondoren berakatzak joan ziren. Destainaz begiratu ziguten:
berakatz batek sekula ez dizu irribarrerik oparituko. Eta, oparitzen
badizu, kontuz! Ni ez naiz jendilaje horrekin fidatzen: ozono geruzaren
kontu horretan ere ez daukate eskuak garbi, seguru.
Eta, azkenik, gure
txanda heldu zen. Orduan konturatu nintzen aldatuak ginela: antena moduko
adar izugarriak ateratzen ziren gure gorputz gurietatik. Handixek oratuta
atera gintuen tiraderatik eskuak. Nire patatakide batzuen egoera hobe
ez deskribatzea: zakarrontzian desagertzea bakea izan zen haientzat.
Gizakirik desesperatuenak
ere dignitate apur bat izan beharko luke. Mutilzahar hark ez zuen halakorik.
Gu ordurako zabor-jana ginen, besterik ez. Baina gure jabearen begiak
ez zeuden horretarako. Begi haiek bi mezu zuten idatzita: gosea eta
hordia. Mahai gainean topatu nuen begirada haren azalpena: ginebra botila
huts bat.
Mutilzahar mozkortu
bat edozertarako prest izaten da. Horrek bakarrik zuri dezake beraren
jokabidea: esku dardarti haiek gutako bi aukeratu zituzten, salbatzeko
modukoak iruditu zitzaizkien biak. Eta, orduan ere, patu txarrekoa ni!
Guretzat salbazioa zakarrontzia zen, baina ez: etorkizuna beti izan
daiteke gaiztoagoa. Eta nirea ganibet hura zen, ganibet kamuts haren
sastadak sabelean sentitzea. Eta hori bakarrik izan balitz!
Hura torturaren hasiera
besterik ez zen izan. Gero, zartagin batera bota gintuen. Zure patatatasuna
olio kiskalgarritan erretzen igartzen duzunean, gizateriaren aurkako
gorroto-tsunamiak harrapatzen zaitu. Gorroto hura izan ote zen olio
txinpart hura eragin zuena? Mutilzaharrak besora eraman zuen eskua,
eta ,ostean, ezkaratzetik desagertzen ikusi nuen, birao letaniaka.
Zartaginaren infernuan
erre ginen. Kiskali. Zein erlijiok salba zaitzake horrelako egoera batean?
Ez, guretzat ez zegoen salbaziorik: hondakin erradiaktibo bihurtu arte
erre ginen.
Artean jaiobakoak
ginela, esan baligute gure bizitza horrela amaituko zela... Zartaginean
hilago baikeunden bizirik baino. Hantxe nengoen, nire nitasuna hainbat
patata frijitutan barreiatua eta erraustua, ezertarako ez nintzela.
Eta, hala ere, mutilzaharrak, noizbait bueltatu zenean, patata frijitu
haiek plater batera bota eta jan egin zituen.
Hura izan balitz amaiera!
Nire nitasunaren atalik
potoloena hagin haiek desegin zuten, bai, baina oraindik bazen nire
arimaren ataltxo bat bizirik: nik ez nuen nire neba-arreben zortea izan,
eta zartaginetik platererako bidean jausi egin nintzen, nora eta ezkaratzeko
lurrera. Ni, patata frijitu haien guztien artean txikiena eta malapartatuena.
Eta hori azken tragedia
izan zen, nahiz eta sekula ez den komeni “azken” hitza erabiltzea,
beraren ostean beste azken bat egon ohi da eta.
Mutilzahar baten etxean
badira hainbat ezleku. Ezlekuetan ez da egundo ezer gertatzen. Ezkaratzeko
zorua ikustea besterik ez dago: ni bezalako ezgauzen garaje ikustezina
da. Mutilzaharraren begien dioptrientzat ikustezinak gara, bai. Izan
ere, oso erosoa da zikinkeria ez ikustea zikinkeriarekin bizitzen ohitzen
zarenean. Hatsa erraz bihurtzen da usain mutilzahar baten etxean. Geu
ere paisaia ikustezin bihurtu ginen ezkaratzaren zorua ukitu genueneko.
Eta hemen nago, ezleku
honetan ahazturik, erratzarekin amesten. Baina erratzak, mutilzaharren
etxeetan, objektu subjuntiboak dira. Eta ni erratz baten igurtzi indikatiboak
bakarrik salba nazake.
Edo ez.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: