Parabola zuzena
Arriskutsua da malko bako begiak inaustea
zerutik amabirjina Ikeako aulki batean jaisten denean
Jose zurgina kaletxakur langabea baita usopasari begira
haren emaztearen amets bustietan,
eta gernu bedeinkatua negar eragiten dio
ozpin bako zauriak itsusiak baitira jainkoen gorpuetan.
Deusek ez du deus balio,
Hirutasunaren begiak donutsaren zulotik
errua urrea dela sinetsarazi digu,
hain erraz ereiten dira gezurrak inozoen arrakaletan,
eta bitartean haren apaizak paradisu fiskaletan bizi dira
limosnak limusina bihurtuta,
ogia eta orgia ala urkabila, mehatxatu gaituzte
fedeak dena onartzen baitu jainkotzat,
baita berba egiten duten sasiak ere,
negarra da eguneroko belarra
dioskute profetek eta Ogasun ministroek
eta, kontsolatzeko,
artalde negarjaleak Tele5eko albistegiak irensten ditu
horra hor gizakien eboluzioa errotonda berean bueltaka.
Azken baten,
Darwinek arrazoi bazuen,
hasierako izaki hark primitiboa eta akatsez betea izan behar zuen,
eta, agian horregatik,
apokalipsia has zedin,
zazpigarren egunean kanpaia jo zuen.
Ron Sniakin
Iruzkinak
Utzi iruzkina: