Osvaldo Cifuentes

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2008-11-05 17:45

Osvaldo Cifuentes argizari museoko gau-zaintzailea erotu egin zen. Bere linternaren argi zerrenda dardaratia baino ez zuen areto ilun amaigabeek sortzen zioten izuari aurre egiteko. Argizarizko eskulturek barre egiten ziotela begitantzen zitzaion. Gauetako bakardadea metatu egin zitzaion bihotzean. Laborriak janda ibiltzen zen areto batetik bestera, alde guztietara mesfidantzaz begiratuz. Eskulturek adarra jotzen ziotela sinetsita zegoen. Burua endredatu nahi ziotela. Gauero eskulturak tokiz aldatuta ikusten zituen. Frantziako iraultzako gelan ez zuen ba Lenin bera ikusi aurreko astean?  Eta zer egiten zuen Charles Darwinek erlijioen aretoan? Denborarekin, bere eroaldian, eskulturak berba egiten hasi zitzaizkion. Mehatxuzko hitzekin eraso egiten zioten: handik alde egiten uzteko, bestela akabatu egingo zutela.
Azkenengo gau hartan Neron hurreratu zitzaion gibeletik, eta belarrira berba batzuk esan zizkion, barre zantzo artean. Biharamunean Osvaldoren gorpu kiskalia topatu zuten museoaren hondakinen artean. Aurpegian oraindik antzematen zitzaion zorionaren irribarrea.

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: