Ospañatik!
Zer ospatu behar dugu euskaldunok “pilarika” egunean? Deus ez. Españatik ospa egiten dugunean, orduan ospatuko dugu. Bien bitartean, utikan hisbanitatearen eguna! Zer arraio gogoratzen da urriaren 12an? Amerikak “aurkitzea”? Han bazegoen jendea eta! Ameriken “konkista”? Handia da, gero! Pertsona bat hiltzen baduzu, “hiltzailea” zara; milaka eta milaka hiltzen badituzu, “zibilizatzailea”.
2011ko urriaren 12 honetan, guztiz ados gaude Unai Iturriagak irailaren 21ean Berria egunkarian idatzi zuen iritzi-artikuluan (Goazen) zioenarekin:
"Ez gara onenak eta, seguru asko, ezta hobeak ere. Baina Espainia deitzen dioten izate amorfo hori… Hor ez dago guretzako lekurik. Eta ez naiz esaten ari bihar egin behar dugunik ospa, gaur baizik. Bihar berandu da."
Bai, orain da abagunea. Ekonomia ere gure alde dago-eta! Begi-bistakoa da: gaur egun Espainian egotea hondamendia hutsa da. Hortaz, zergatik jasan behar dugu haien panderetitis kronikoa?
Baina txarto gabiltza gurea dena eskatzen jarraitzen badugu. Ez: hori ez da modua. Gurea dena hartu egin behar dugu. Bai: hartu. Edo baimena eskatu zieten espainolen “arbaso” omen ziren haiek musulmanei Al-Ándalus okupatzeko? Bai zera! Bortxaz harrapatu zuten! Jakina, haiek ez ziren terroristak. Heroiak ziren. Eta zer egin zuten? Haiena ei zena hartu. Kito. Eta “Reconquista” deitu zioten, demonio astaputzek!
Guk ez. Guk ezin dugu hori egin. Guk bortxa erabiltzea terrorismoa da. Orain arte, aitzakia galanta izan dute terrorismondoaren kontura! Arbola horren fruituez elikatu dira hitz egitea bera ere ukatzeko. Baina fruitu-arbola ihartu egin zaie. Akabo aitzakiak.
Tira ba, badakigu zein den bidea! Eta nabarmen gera dadin, hisbanitatearen egun honetan, ezberba hau aldarrikatzen dugu: Ospañatik! (zeinak esan nahi baitu: Ospa Españatik!)
OSPAÑATIK!: (deiadarra, ahots ozenez esatekoa) Ospa egin dezagun Españatik! (hedaduraz, gustura ez zauden toki batetik alde egiteko aldarria)
Lagunok, hau jasanezina da! Ospañatik!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: