orroaktibo / orrotorika
Lidergoarekin lotutako adjektiboak dira proaktibo eta erreaktibo. Arrakasta lortzeko giltza jarrera proaktiboa izatea ei da: etor daitezkeen arazoak aurreikustea eta erabakiak hartzea. Proaktiboak ekintzaileak izaten dira, eta etengabeko hobekuntza da haien helburua. Erreaktiboak, berriz, pasiboak dira: nahikoa lan dute lanera joate hutsarekin! Erreaktiboak ez dira inplikatzen. Ezta pentsatu ere! Askatasuna nahi dute, eta zirrikiturik txikiena baliatzen dute askakeatzeko (adibidez, ohikoa izaten da horrelakoak komunean harrapatzea, denbora-pasan, zigarrotxoa erretzen; erreaktibo hitzak, kasu horretan, badu bigarren esanahi bat: erretzaile porrokatua).
Proaktibo eta erreaktiboez gain, gure ustez bada beste jende multzo bat ezaugarri bereziak dituena: orroaktiboak. Pertsona orroaktiboen ezaugarri nagusia haien ahotsaren bolumena da: orroka baino ez dakite hitz egiten. Ezagutu duzue horrelako langilebururik? Bai, sarri langile arrunt ohiak izan ohi dira orroaktibo txarrenak, enpresan gorabidean ari diren giza sputnik horiek.
Kirolean ere ohikoa izaten da orroaktibitatea. Futbola, saskilbaloia... ikustera doazen askok halako mutazio bitxia izaten dute: hezibide onekoak izatetik basapiztia izatera pasatzen dira. Biraogintzaren apoteosia harmailetan: askok astean zehar gorde duten orroaktibitate guztia asteburuetan goitikatzen dute, estadio handiek eskaintzen dieten anonimotasuna baliaturik.
Telebistan ere orroaktibo ugari izaten dira. Zenbait telebista-katetako tertulien eta txatxala-patxalekeria merkeen audientzia-datuak igotzeko, horrelako astakirtenez hornitzen dira: zenbat eta arrantza handiagoak egin, orduan eta ikusle gehiago. Txarrena hauxe da: debateetan eredu hori nagusitzen hasi dela. Argudio nagusia gaur egun ez da datu argigarri bat ematea edo adituen iritziez baliatzea, ezpada ze denek batera oihuka egitea, eta anabasa horretan norberak besteek baino orro handiagoak egitea. Ahotsaren bolumen neurrigabeak ematen dizu arrazoia. Gaur egun ez zoaz inora errespetuarekin eta adeitasunarekin. Horien ordez, erabili garrasiak, abrigu txarrak, erremuskadak eta burrufadak. Horra hor erretorika berria: orrotorika (hau da: deiadarra, atralaka eta iskibidua).
Orroaktiboen orroaktibitatea neurtzeko gailua asmatu beharko genuke. Eta ez da bakarrik dezibelio kontua. Jarrerak ere badu zerikusia, oldarrak (bai, batzuek aldarri barik oldarri egiten dute). Neurri batetik gora, galarazita egon beharko luke orroaktibitateak. Gainera, badago beste kontu bat: zer egin jendaila horrek sortzen dituen hondakin orroaktiboekin? Egia esateko, eragiten duten kaltea kontuan izanda, hondakin orrodiaktibo deitu beharko genieke.
ORROAKTIBO: orroka berba egiteko ohitura duen pertsona; norberaren ideiak orroka defendatzen dituen pertsona.
ORROTORIKA: orroka hitz egiteko artea. Jendaurrean norberaren ideiak orroka adierazteko hizketa-trebetasuna (trebekeria?).
Iruzkinak
Utzi iruzkina: