Onofre Valdes

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2009-03-03 10:12

Onofre Valdesek meteorito bat ikusi zuen bere basetxe aurreko soroan jausten. Gosaltzen amaitu zuen lehenago, berarentzat armosuko porritxa baino garrantzitsuagorik ez baitzegoen ezer munduan. Ondoren, meteoritoak eginiko zulora hurbildu eta esan zuen: “Hementxe eraikiko dut nire inperioa”.



Zuloan sartu eta gustura sentitu zen, bero-berotan, eta handik barrutik zuloa estaltzen hasi zen. Den-dena estali zuen, eta hala ere hantxe zirauen zuloak, eta argiak, meteoritoarenak. Eta esan zuen: “Hemen nagoenez, Jonas balearen erraietan baino gusturago, osteratxo bat egingo dut, ea zer ikusten dudan”.  Eta zuloan aurrera egin zuen, eta ikusi zuen luzea zela benetan. Eta euri zaparradaren ostean zeruko lainoen artean leihoa agertzen den gisan, berak ere halako leiho bat ikusi zuen meteoritoak sortutako argi gorrasta hartan. Bertaraino joanda, espermatozoide erraldoi baten burualako arrautza topatu zuen.

“Nor zara zu?”, galdetu zion, ahotsaz dardar dantza eginaz. Euskara garbian erantzun zion arrautzak, espaziotik etorria zela Lurra ernaltzera. “Ez dakizu zein ederra den Lurraren urdintasuna urrunetik ikusita”.

Onofre errukitu egin zitzaion. “Kantsagura daukazu”, esan zion, ernalkuntza hari antzua iritzita.

Arrautza ez zegoen sabelari begira egoteko. Lurraren nukleorainoko bidaia hari ekin zion, hotzitu orduko ailegatu behar zuen. “Lagundu egingo dizut, bazkaldu bitartean ez daukat zereginik”. Eta arrautzaren gainean jarrita, gudura doazen zaldunen moduan, Onofre Valdes Lurraren bihotza konkistatzera abiatu zen.

Aurrera egin ahala sentimendu bat gailendu zitzaion baina: espazioaren urruntasunetik, Lurra sagar ustela da, bere bihotzean har gosebera bat daukana.

Ordurako urrunegi zegoen etxetik.
 
 
 
Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: