Oholentzero

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-12-24 23:58

Hil da Olentzero. Bai, lagunok: arinago edo geroago, gertatu behar zuen. Gure ikazkinaren bizimodua ez zen eredugarria: jatun handia zen, mozkorrilloa, erretzaile porrokatua… Eta, azkenean, hil egin da. Beraz, gaur kalean ikusi duzuen Olentzero hori faltsua izan da, iruzur hutsa.

Aitortu behar dugu Olentzeroren piura ez zela batere modernoa. Gaurko kanon estetikoen antipodetan zegoen: aurpegi zikina, bizarra, tripatzarra… Eta jantziak ere, antigoalekoak: txapela, brusa, mahoizko prakak, abarkak… Gizonkote onbera zen, bai, baina ezin esan metrosexuala zenik, ez horixe. Nonbait sailkatzekotan, kutresexualen generoan kokatu beharko genuke.

Nahikoa lan eginda utzi gaitu gizajoak, baina beharbada onena izan da: Olentzerok etorkizun beltza zuen, egiten zuen ikatza bezain beltza. Beste mundu batekoa zen, txondorren garai galdukoa. Erabiltzen zuen astoak ez zuen balio gure autopista eta abiadura handiko bizitzarako.

Albiste tamalgarri hau irakurrita, penatuta egongo zarete. Baina lasai!: guk ordezko bat dugu, egungo bizimodu eta ohiturekin bat datorren opari-banatzaile berria: mutil gazte erakargarria, modernitatearen eredu galanta. Itxura onekoa. Pasatu zen brusaren aroa. Gora neoprenoa! Akabo tripontzia! Biba giharrak eta txokolate-tableta! Bai, ikazkinaren ordez guk surfari bat dakarkizuegu. Asto gainean etorri beharrean, surf-ohol baten gainean hurbiltzen ikusiko dugu. Horrexegatik bataiatu dugu honela: Oholentzero.

Oholentzero izateko hautagaien zerrenda zabalik dago. Guk, hasteko, bi proposamen egiten dizkizuegu:

OHOLENTZERO: surf-ohol baten gainean datorren Olentzero berria.


Utzi iruzkina: