Ohitura itsusi bat
Herri hartan ohitura handia zegoen tu egiteko. Behin kanpotar bat heldu zen herrira, eta harrituta geratu zen ohitura harekin: lurra txistukadaz eta gorroz beterik zegoen.
-Zergatik egiten dute guztiek listu lurrera? -galdetu zion agure bati.
-Aspaldiko kontua da, eta oso errotuta dago. Gure sinesmenaren arabera, deabrua uxatzeko modua da. Adibidez, pentsamendu txarren bat baduzu, edo tentazioren bat, hura uxatzeko egiten dugu tu.
Kanpotarrak aurrera jarraitu zuen, eta, ostatura bueltatzeko, tranbia hartu zuen. Bere ondoan ume bat jesarri zen, eta, halako batean, tu egin zuen lurrera.
Agurearen azalpena gogoratuta, kanpotarrak itaundu zion zergatik egin zuen listu.
-Ez dakit -erantzun zion umeak- Hemen mundu guztiak egiten duelako.
Kanpotarrak susmoa zuen ia inork ez zekiela hasierako arrazoia, agureak esan ziona. Horixe egiaztatu zuen hurrengo egunetan: soilik zahar gutxi batzuek gogoratzen zuten. Beste guztiek ohitura zelako egiten zuten.
Kanpotarrak, herritik joateko bezperan, kasualitatez, herriko alkatea ezagutu zuen jatetxe batean.
-Alkate andrea -esan zion- Zuen herrian bada ohitura itsusi bat...
Eta dena kontatu zion.
-Badakit ohiturak aldatzea oso zaila dela, baina komeniko litzateke zerbati egitea -proposatu zion.
-Eskerrik asko, jauna. Pentsatuko dut zerbait.
Handik hilabetera bueltatu zen kanpotarra, eta harrituta ikusi zuen inork ez zuela turik egiten, ezta agureek ere.
Alkateagana joan zen, zer egin zuen galdetzera.
-Oso sinplea izan da -erantzun zion- Lege bat ezarri dut, tu egiteko ohitura arautzeko. Eta hara, herritar guztiek errespetatzen dute.
-Eta? Zein da legea?
-Denek ulertzeko modukoa da: bakarrik onartzen da gorantz tu egitea.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: