Odol gorria

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2024-05-30 17:18

Aita hilda, printzeak haren lekua hartu zuen. Koroatze-ekitaldian, errege berriak zur eta lur utzi zituen guztiak.

-Uko egiten diot koroari. Izan ere, ni errepublikazalea naiz.

Monarkiaren itzalean goxo-goxo bizi ziren bizkarroiak arriskuan ikusi zituzten euren bizkarrak. Zerbait egin behar zuten erregearen hordago hari erantzuteko.

Istriputxo batek eman zien aitzakia euren bizkarrak besaulkien erosotasunean iraunarazteko: erregeak zauritxo bat egin zuen atzamar batean, eta hara!, atzamarretik odola atera zitzaion.

-Odol gorria du! -egin zuten oihu bizkarroiek- Horregatik da errepublikazalea!

Errege faltsutzat jo zuten, benetako erregeek odol urdina baitzuten, eta koroa kendu zioten iruzurgileari.

Haren anaia txikia jarri zuten tronuan. Hark bai, pozarren hartu zuen koroa.

Eta handik aurrera soilik agertzen zen jauregiko balkoian, herriarengandik urruti, zauririk eginez gero ere inork ez ziezazion ikus odolaren kolorea.

 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: