Non zaude!
Emaztea Gestapokoa da.
Sukaldean du kuartel nagusia.
Non zaude!, erasotzen dit handik.
Non zaude! Non zaude! Non zaude!
Orro horrek erraiak erretzen dizkit.
Non zaude!
(Komunean, kanpaia jotzen!)
Komunean, kakaginen!
Eta, presaka,
kuartel nagusira joaten naiz,
hemen nago, kapitain nagusi!
Zer nahi duzu afaltzeko!
(Purea)
Zeuk nahi duzuna…
Zenbatu beharko nituzke nonzaudeak.
Ordubetean sei nonzaude desarratu dizkidazu
esango nioke, erraiak ahotik,
sei aldiz eten didazu intimitatea:
kaka
balkoiko zigarreta
Camilo Blajaquisen poema liburua
zappinga
Chris Eckman-en ahotsa
eta kaka (berriro ere!)
Sei aldiz ordubetean kuartel nagusira erraiak orroka:
Probatuko duzu alkandora hau!
(Alkandorak gorroto ditut!)
Bai, oraintxe bertan.
Nor da goizean agurtu zaituen emakume gazte hori!
(Maitasun ezinezko bat, eta zer?)
Patioaren bestaldean bizi den idazle bat.
Erosiko dituzu zinerako sarrerak!
(Horreur, beste film espainiar bat!)
Bai, utzi nire kontu.
Joango gara zapatuan Ikeara!
(Ze abila zaren aginduak galdera moduan kamuflatzen!)
Bai, nahi duzun moduan.
Deitu diozu amari!
(Amak pureak egiten dizkit; zuk ez)
Oraintxe deituko diot.
Zer nahi duzu afaltzeko!
(Ostera? Kaka-mokordoa, frijituta!)
Hori lehen galdetu didazu…
Naziek gerra irabaziko zuten
emaztea etsaiaren aurrera eraman balute.
Tiroka ez,
nonzaudeka aterako zituen lubakietatik,
nonzaude-bonbardaketak etsaiaren erraietan.
Eta badakizue zer den handiena?
Ez nukeela jakingo nonzaude horiek gabe bizitzen,
galdera itxurako agindu horiek gabe arnasa hartzen.
Azken batean,
erraietako garrak sute kontrolatuak dira,
otzanak eta etzanak.
Benetako sutea zugabezia izango litzateke.
Non zaude!
(Gorroto zaitudanean ere maite zaitut)
Komunean!
Ron Sniakin
Iruzkinak
Utzi iruzkina: