Nicasio Cienfuegos
Nicasio Cienfuegosen gainbehera hogeita bi urterekin hasi zen, amak burusoil geratzen ari zara esan zion momentu berean. Esaldi hark madarikazioen indarraz erre zion bihotza. Esan liteke jausten zitzaion ile bakoitzarekin batera deuseztuz zihoakiola izaera. Gaztetan izan zituen amets guztiak halaxe aienatu zitzaizkion, orrazian geratzen diren ileen antzera.
Amak aukeratu zion emaztea, ordurako txorimalo izateko ere ez zuen balio eta. Ezkonbizitzak ez zion onik egin baina. Emazteak ez zekien ezta arrautza bat frijitzen ere. Barrita energetikoak ematen zizkion jateko. Gose bazara, maneatu zaitez zu, esaten zion. Etxeko armairuak eta gela guztiak arropaz beteta zituzten, emazteak herriko portaleetan utzitako arropa poltsak hartu eta etxera eramateko ohitura zikina baitzuen.
Larrutan egiten zutenean, mesprezua ikusten zuen emaztearen begietan. Hauxe gustatzen zaizu? galdetzen zion, erdeinuz. Nicasiori buruan sartu zitzaion emazteak odolkiekin pentsatzen zuela gizonarena hankartean igartzen zuenetan. Eta bere amets errepikatuetan emazteak burkopetik aiztoa atera, odolkia sasta! ebaki eta barre zantzoka jaten zion.
Gau baten, Nicasioren hatsa gehiago ez sufritzearren, dirua eman zion emazteak. Andratan gastatzeko, esan zion, hotz. Harrezkero asterik behin ematen zion andratarako soldata. Nicasiok diru hori gorde egiten zuen, ez zen neoi-argien etxera sartzen, beldur ematen zion. Horren ordez tren geltokira joan eta burdinbidean ibiltzen zen, deslai, halako baten iretargiak bere buru zimelduan dirdira egin zion arte. Hantxe ikusi zuen bere salbazioa, errail haietan.
Biharamunean kapitalera joan zen. Poltsa batekin itzuli zen. Barruan, ileorde erosi berria. Zuzenean joan zen etxera. Erropateriaren gainetik jauzi eginda emaztearen harritu aurpegira zuzendu zuen lehen labankada. Txiki-txiki egin arte ez zuen arnasa lasai hartu. Gorpuzkinak lapiko handi baten sartu eta hurrengo egunetan jan zituen, atzamarretan hartuta.
Emaztearen azken zatia amaitu zuenean, ileordea jantzi eta amarenera abiatu zen, zor zaharra kitatzera.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: