Nakari Andreu
Nakari Andreu, euskataluniar jatorriko japoniarra, harriturik geratu zen goiz katastrofiko hartan, Peruko futbol selekziora joateko deitzen zuen gutun ofiziala jaso baitzuen. Egutegi aldaketaren beste ondorio bat ote zen galdetu zion bere buruari, izan ere bisurte hartan autoritateei zera bururatu zitzaien: egun gehigarria otsailari barik martxoari ematea. Horrek makina bat beharrezten eragin zituen, baina handiena hauxe izan zen: munduko ordu-marrak endredatu egin ziren, euren artean nahastu, halako moduan ze egun hartako hegaldi guztiak galdu egin ziren. New Yorkera zihoan hegazkin bat Dimako aireportuan agertu zen, kasurako.
Orduen anabasa horrek beste kalte batzuk eragin zituen. Jendea desagertzen hasi zen, mundua Bermudetako triangeluz bete balitz bezala. Aita Saindua bera larba baten barruan topatu zuten, Madagaskarren, ahoan txupete bat zuela (Athene noctua hegaztiarekin nahastu zuten hasieran, Benedicto XVI.a zela konturatu arte). Batzuek diotenez, larba hura Necronomicon liburu misteriotsuaren pergaminoekin egina zegoen, eta Aita Saindua bertan bola bat eginda zegoen, amaraunean harrapatutako euliaren antzera.
Adituek, txupetearen esanahia zein zen argitu guran, hainbat saiakera eta doktore-tesi burutsu idatzi zituzten hurrengo urteetan, nahiz eta inork ez zuen benetako arrazoia asmatu (benetako arrazoia sinplea izaten da normalean).
Eta, jakina, egutegi aldaketak eragindako nahaste-borraste ikaragarri hura aitzakia bikaina izan zen lanera ez joateko. Munduko milioika langilek esan zuten “despistatu” egin zirela, jaieguna zela pentsatu zutela, eta etxean geratu ziren tripari hazka egiten. Beste batzuek aukera hori erabili zuten lantokira joan eta lapurretan egiteko. Bilboko metroko funtzionario hasi berri batek, esaterako, tren oso bat piezaz pieza desmuntatu eta etxera eraman zuen, birziklatzeko poltsetan.
Nakarik, gutuna eskuan, postetxean okertu egin zirela pentsatu zuen. Gutun hura ezin zela berarentzat izan. Zer dela eta berari deitu Peruko futbol selekziora? Berak sekula ez zuen futbolean egin eta! Edonola ere, apur bat tristatu zen, behin deituz gero, berak gurago baitzuen Brasilgo selekziora joan. Brasildar neskek beti eduki izan dute fama hobea, eta berak bere burua ia sex-symboltzat zuen.
Gutunak eragin zion nahigabeagatik, lapiko bete barraskilo jan zuen ia arnasa hartu gabe, eskuaz hartu eta ahoan sartuta. Esku osoa sartzen zuen ahoan, hain zen handia gutun hark sortu zion antsia. Horrek are eragin katastrofikoagoak izan zituen, Nakarik alergia baitzien barraskiloei. Hogeita bederatzi aldiz joan zen komunera txahala botatzera, baina halakorik ez zen gertatu: botaka egiten zuen bakoitzean txahalik ez, baizik eta tinta beltza goitikatzen zuen, litroka, komunetik ateratzen hasi zen arte. Halako baten, ispiluaren aurrean jarri eta zera ikusi zuen: sepia officinalis bat. Halakorik! Animalia higuingarria iritzi zion bere buruari. Nola joango zen gisa hartan abesbatzaren entsegura? Zer esango zion Ko Matsushita zuzendariak? Zerbait abesten ahalegindu zen. Zer zen hura baina? Bere ahots bikaina ere mudatua zen, petrolio-ontzi baten adar-hotsa zirudien!
Nakari, sepia erraldoia bihurturik, zer egin ez zekiela geratu zen ispiluaren aurrean. Orduan ideia bat etorri zitzaion: arazo harentzat ere Interneten egongo bide zen erantzuna! Ahal izan zuen moduan joan zen konputagailuaren aurrera. Googlen Sepia officinalis idatzita, hara sorpresa: Homeopatia Platense izeneko zer edo zer irakurri zuen. Orri horretan sarturik, etorkizuna argitu egin zitzaion. Berak hain ugari ekoizten zuen tinta hari esker aberastu egingo zen, bai horixe! Hara nola deskribatzen zuen tintaz eginiko botika: Medicamento predominante pero no exclusivamente femenino con gran tropismo sobre el sistema genital. Sendagaiaren aurkezpena berba kitzikagarri hauekin amaitzen zen: Medicamento muy parecido a MUREX pero este posee un violento deseo sexual con reglas copiosas que lo alejan de Sepia.
Bai, botikagintzan zegoen bere etorkizuna. Homeopatiaren multinazionala eraikiko zuen. Isuritako tinta guztia moltsoaz batu eta tuper eta kazoletan gorde zuen. Ondoren Peruko selekzionatzaileari fax bat bidali zion, lesionatuta zegoela adierazteko. Eta, beste barik, oporrak merezi zituela pentsatuta, Baltiko itsasora joan zen, berarentzat kirol berria zen urpekaritzan aritzera. Bertan beste sepia bat ezagutu zuen, eta horrek bere egitasmo guztiak deuseztatu zituen.
Gaur egun han bizi da, Baltiko itsasoan, hondoratutako Estonia ferryaren hondarren artean. Eta zoriontsua da, sepia izanda ere.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: