Musuak eta metaforak
Euriak ere ez du ortozik dantza egiten
idatzi zuen mutil poeta-nahi batek,
esaldi hartan jarri zituen maitasun-miligramoek
maite zuen emakumea pozoituko zutela kalkulatuta.
Ez dut ulertzen
esan zion emakumeak,
agian ezkonduta zegoelako.
Literatura-irakasleak azaldu behar zion mutil hari
metaforak maiz formula matematiko konplexuak direla,
teleskopioetatik ozta-ozta usaintzen diren exoplaneta enigmatikoak.
Nire lagun Pedro Pablok ere ez zekien hori.
Zapatu gauetan teknika hau erabiltzen zuen neskekin ligatzeko:
toki ilunetara eramaten zituen, izarren izenak azaltzera.
Aitzakia zen, jakina.
Pentsatzen zuen tarteka zerutik jausten diren izarrekin batera
neska haien begietatik ere maitasun-tantak jausiko zirela,
eta bera han egongo zen,
uzta hura musutan jasotzeko.
Hori Vega da, eta hori Altair
esango zien,
izarren bat zerutik noiz jausiko neskaren begietara
musuak isiotzera.
Agian irudi ezinezkoak bilatzen zituen konstelazioetan,
jakin gabe zer erein behar den lehenago, metafora ala musua.
Ez ote dira izarrak errazago jausten
mihiak aho barruan korapilatzen direnean?
Exoplaneta urrunetatik jaurtitako geziek
nekez jotzen dute bihotzaren erdia,
eta teleskopioak objektu astunegiak dira
zapatu gauetan poltsikoetan sartzeko.
Musuak izaki fisikoak dira,
bihotzaren maitasun-partikulen azeleragailu hutsezinak.
Metaforak, aldiz, izaki intelektualak dira,
eta, maiz, burmuinaren alanbikeetan galtzen dira,
tantarik destilatu gabe.
Silence, Night & Dreams konposatu zuen
Zbigniew Preisner musikari poloniarrak.
Musika hori entzuten ari naiz orain,
eta Teresa Salgueiroren ahotsa musu eternoa da.
Isiltasuna, Gaua, Ametsak.
Musu bakar batek
metafora guztien isiltasuna musika bihur dezake,
gaua izarrez jantzi dezake,
ametsak objektu hurbil bilaka ditzake.
Gogoan izan balu nire lagunak musuen izaera magmatikoa!
Baina ordena okerra aukeratzen zuen:
lehenago musuak dira,
eta gero, metaforak.
Pedro Pablo ez,
Pablo Pedro izan behar zuen.
Metaforek eskanerra behar dute;
musuek, ez.
Metaforek ez zaituzte euripean ortozik dantza egitera ateratzen;
musuek, bai.
Ron Sniakin
Iruzkinak
Utzi iruzkina: