Musschetwist

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2013-06-06 09:14

Egin dezagun badela Kirmen Kano izeneko idazle ospetsu bat (hemendik aurrera, K.K.), eta egun batean zera bururatzen zaiola: idatzitakoaren kalitatea probatzeko, editoreari zirriborroa beste norbaiten izenean bidaltzea, izenik ez duen izen bat erabilita, alegia (Jose Eugenio Urgoiti, esaterako).

Jakina, K.K. ez da idazle arrunta, mediatikoa baino. Muturreko mediatikoa. Jainkoaren existentziaren froga lurtarra da: leku guztietan dago, baita sukaldaritzari buruzko telelehiaketetan ere. Hortaz, nortasuna ezkutatzeko egin nahi duen ahalegin hori zinez nekosoa zaio. Disfuntzio organikoak hasi da sentitzen (eta, ondikoz, ez soilik zakilaren tentetasunari dagozkionak!), anonimotasun-ariketa horrek eraginda. Horietarik zitalena, hau: K.K.k ezin du kakarik egin, ezta jogurt ospetsu horiek uzkitik sartuta ere. Horrek eragin zuzena izango du haren metabolismoan, halako sabel-hanpatze deseroso bat, baina ia ez da igarriko lehen asteetan.

Amaitua du eleberria. Azken orrian, eskuaren dardarizoari ozta-ozta eutsita, Jose Eugenio Urgoiti sinatu du. Hala ere, egoak hego luzeak dituenez, jasanezina egiten zaio nonbait bere lorratza ez uztea, eta bere liburuentzat hain gustuko dituen titulu bitxi horietako bat aukeratu du honetarako ere: Musschetwist.

Gero, argitaletxearen helbidea jarri du gutun-azalean. Editorea konfiantzazkoa da: kaka eskainita ere, gordinik jateko prest dago beti, saltzaile jaioa baita: liburuaren aurkezpenean zabor hori egile kontsakratuaren beste jenialtasun bat dela esanda, badaki euskaltzale aldra batek otso gosetien moduan jango duela edozeinkeriarik goitikagarriena ere, baldin eta K.K.k egina bada, noski, zeren nor ausartzen da esaten ez zaiola gustatu (edo ez duela irakurri!) egile bikain horren bibliografia kilometrikoa? Bai, editoreak badaki hori guztiori. Kontua saltzen jakitea da. Eta horretan, sekula ez du hutsik egiten berritasunaren kontzeptu zaharra: hona hemen Urliaren lan berria; eta berria diodanean, berritzailea ere esaten ari naiz, esango du, arrakastatsuen kastakoa izateko denok baitakigu hemen meritua aitzindaritasunean datzala, hots, lehena izan behar duzu zerbait egiten (nahiz eta egiten duzun hori gorotza izan, edo nahiz eta gezurra izan lehena izate hori ere: nahikoa da lehena zarela esatea).

Jar diezazkiogun abizenak alegiazko editore horri: Muinoguren Frailegi. Bada, editore famatu horrek, izen-abizenen musikaltasunak zer garrantzi duen ondotxo dakienez, antikomertzialtzat jo du eleberriaren amaieran ageri den izena: Jose Eugenio. Argi dauka gaztetasunean datzala arrakastaren giltza, baldin eta ezezaguna bazara: idazten hasi  eta Katixa deitzen bazara, askoz aukera gehiago izango dituzu editorearen urbietorbia irabazteko; baina nora zoaz Jose Eugenio deituta? Horrek argi eta garbi salatzen du prostataren hanpaldian sartuta zaudela, eta, beraz, ez zaitez hasi argitaletxeetako ateak jotzen, apoarmatuaren oskola bezain zeharkaezinak izango dira eta.

Gero, abizena irakurri du: Urgoiti. Egokia iritzi dio: ez du Urgoitirik ezagutzen euskal literaturan, eta hori garrantzitsua da. Bera, adibidez, kokoteraino dago lehen abizena (hain arrunta izanik) beti bigarrenarekin lotuta idatzi beharraz. Zorte txarra izatea da hori: hain herri txikia izanik, zure izena eta lehen abizena dituen beste pertsona ospetsu bat egotea. Are mingarriagoa, gainera, zu baino ospetsuagoa bada…

Eleberri luzea irakurri du Muinoguren Frailegik. Ondo idatzita dago. Nabari da Urgoiti horrek estilo landua duela eta bikain erabiltzen duela hizkuntza. Memoria egin du: zenbat testu argitaratu dituzte esku artean duena baino kaskarragoak? Eskuko hatzak ez ezik, oinetako behatzak eta hankarteko zintzilikarioa ere beharko lituzke horiek guztiak zenbatzeko. Eta, hala ere, motz. Baina nola esan ezetz idazle sakratu bati? Nola adierazi aurkeztu dizun testua txarra dela? Urgoiti horren eleberria ona da, ohiko erdipurdikokeriaren gainetik dago, baina arriskuak begi-bistakoak dira: irakurle potentzialen kopurua hain txikia izanda, potentzia handiko kanpaina egin beharko lukete idazle ezezagun bat arrakastatsu bihurtzeko. Eta Muinoguren Frailegik susmoa du Jose Eugeniok kalitatea bai, baina kantitatea ere baduela, adinari erreparatuta, jakina. Eta irakurleek haragi freskoa nahi dute. Lore ederrak. Jende guapoa. Modernoa. Sinplistak izanda ere, damutzen ez direnak. Egodunak: bera ez, ni ausarki diotenak. Ninaizistak. Utikan joseugenio zatarkituak!

Muinoguren Frailegik dagoeneko badaki zer egin, baina errituala bete behar du: editore taldea elkartu eta iritziak azaldu beharko dituzte, erabakia hartzeko. Jakina, azkenean berak pentsatzen duena egingo da, horretarako da editore taldearen burua. Baina garrantzitsua da itxurak gordetzea. Beraz, bulegoan elkartu direnean, eroso jesarri da besaulkian, Audientzia Nazionaleko epaileek ohi duten naturaltasun horrekin: begiak itxi eta lotan balego bezala entzun ditu lankideen iritziak. Desberdin pentsatzen dutenak (mindu gabe) nola egurtuko dituen hasi da pentsatzen, denbora ematearren. Baina, bat-batean, editore baten iritziak lozorrotik atera du:

—Izenburu arraro horrek Kirmen Kano ekarri dit gogora. Eta ez izenburuak bakarrik: idazkerak ere. Ematen du Urgoiti hori Kirmen Kanoren liburu bat idazten saiatu dela, baina, jakina, zerbait falta zaio.

Editorea gelditu egin da, penaltia jaurtitzera doan aurrelaria atezaina tronparazteko baloiaren aurrean gelditzen denean bezalaxe. Gero, gozo-gozo, sarera bidali du baloia:

—Aipamenak falta dira. Denok dakigu Kirmen Kanoren bikaintasunaren oinarria aipamenak direla. Horiek gabe, haren nobela mardulek umeentzako komikien tamaina izango lukete.

Muinoguren Frailegi pozik dago. Iritzi hori baliatu du erabakia mahaigaineratzeko:

—Beraz, argi dago: nobela ondo idatzita dago, baina heldutasuna falta zaio. Zer da nobela bat aipamenik gabe? Nerabe baten ahalegin antzua. Eta argi dago Jose Eugenio hori, duen adina izanda, nekez helduko dela heldutasun horretara.

Garaipena dastatzeko, harrokeriaz hanpaturik begiratu die lankideei.

—Zer? Gustatu zaizue hitz-jolasa, eh?

Kito. Muinoguren Frailegik ezezko erantzuna bidali dio Jose Eugenio Urgoitiri. Oso diplomatikoa, jakina. Ofizio horretan hainbeste urte emanda, oso ariketa erraza iruditzen zaio ezezko erantzunak bidaltzea. Libreta batean du idatzita, txukun-txukun, argudio zerrenda luzea. Bat hartu, eta listo! Egutegiari begiratu dio: apirilaren 12a. Hortaz, zerrendako hamabigarren argudioa. Eta idazten hasi da:

Urgoiti jauna:

Interes handiz irakurri dut zuk bidalitako eleberria (Musschetwist). Nabarmendu nahi dut hizkuntzaren erabilera aberatsa eta literatur baliabideen ugaritasuna, baita argumentuaren sendotasuna eta pertsonaien biribiltasuna ere.

Edozein modutan ere, editore-taldearen iritziz (ezen ez enez), eleberriak jorratzen duen gaia gaurkotasunik gabekoa da, eta nekez lor lezake irakurleen arreta.

Beraz, tamalez adierazi behar dizut zure eleberria ez argitaratzea erabaki dugula.

Hala ere, idazten jarrai dezazun animatu nahi zaitut. Bistan da idazle trebea izatera hel zaitezkeela, eta, ahaleginduz gero, nerabezaroaren printzak atzean utzi eta laster helduko zarela erabateko heldutasunera.

Amaitzeko, aholku bat: gauza ona litzateke etorkizunean zure lanak literatur aipamenez (eta bestelakoez, bide batez esanda) hornituko bazenitu. Testuek asko irabaziko lukete, zinez.

Ez adiorik!

X. Muinoguren Frailegi

 

 

K.K.k estonaturik irakurri du editorearen gutuna. Ez zuen erantzun hori espero: eleberri bikaina zelakoan bidali zuen Musschetwist. Areago: Espainiako Kritika Saria irabazteko asmoz idatzi zuen. Bere literatur ekoizpen mardulean mugarri izateko jaioa zen obra konplexu hura!

Berriro irakurri du azalpena: eleberriak jorratzen duen gaia gaurkotasunik gabekoa da, eta nekez lor lezake irakurleen arreta.

Baina, baina… nork dio gerra zibilak eta Franco hil osteko gatazka politikoak ez dutela gaurkotasunik? Makina bat eleberri ezagutzen du berak! Baina Musschetwist-ek harago joan nahi du: obra monumentala da, konplexua, testigantza ugariz hornitua, ertzez eta xehetasunez betea. Orduan, zergatik bota diote atzera?

K.K.k idazketa-prozesua errepasatu du. Eleberria idazten hasi orduko, erronka bat jarri zion bere buruari: aipamenak ez erabiltzea. Ordura arte, ohikoa zen bere literaturgintzan beste idazle batzuen eta bestelako pertsonaia famatuen aipuak tartekatzea. Tira, egia esan aipu horiek ziren bere lanen oinarria: tartekatzen zuena zera zen, aipu batetik bestera pasatzeko lotura-esaldi zozoak. Distiratsua ez zen berak sortua, ezpada besteei ebatsia. Ez zituen-eta alferrik irakurri “Mila eta bat esaldi ospetsu” moduko liburukoteak! Han zeuden jakituriaren perlak, pertsona ospetsuenek destilatutako esaldi biribilak, arrain-haztegietako erreboiloak bailiran: sardexka hartu eta platerera!

Adibidez, Oscar Wilderen hura. Hain gustukoa zuen, non zilborraren inguruan tatuatu baitzuen: “Hain inteligentea naiz, ezen batzuetan ez baitut fitsik ere ulertzen zer esaten dudan”.

Bada, asko sufrituta, lortu zuen eleberria ohiko aipu gaindosi gabe eraikitzea. Beraz, esan ahal zuen berea zela meritua: huraxe zen bere lehen sortze-lan serioa. Ordura artekoak makuluen laguntzarekin altxatutako obrak ziren: idazle eta xelebritate haien guztien aipuak makuluak ziren, norberaren herrena disimulatzeko erremintak. Hortaz, literatur heldutasun ezaren salatariak.

Baina Musschetwist makulu horiek gabe idatzi zuen. Hura zen bere heldutasunaren gailurra. Ikasia zuen inoren laguntzarik gabe ibiltzen, orrialdez orrialde eleberriaren bide korapilatsua bakarrik egiten. Inoiz baino harroago begiratzen zion zilborrari, eta haren inguruan orbitatzen zen esaldiari. Eta, bat-batean, gaurkotasunik ezaren argudio merkeak behera bota zuen hiletan altxatutako arkitektura literarioa!

Bere idazle-egoa loreontzi txinatar baten moduan hausten zela sentitu zuen. Norbaiti irakurria zion editoreak maiterrea eragin behar diola bere buruaz seguruegi bertan goxo dagoen sortzaileari, baina hura gehiegi zen: editorearen iritziaren arabera, bere obra ez zen loreontzi txinatar garestia, lorapote arrunta baino.

Tragedia areagotzeko, K.K.k kaka egin ezinik jarraitzen du. Asteak pasatu dira, eta sabela puztuta dauka.

—Haurdun ote nago? —galdetu dio bere buruari.

Alkandora beltza altxatu eta sabelari begiratu dio. Bertatik zarata arraroak ateratzen dira. Baina ez dirudi umekiaren ostikadak direnik: jakituriaren orroak dira. Azken liburuan txertatu gabe utzitako aipuak, preseski. Eltzean ahaztuta utzitako garbantzuak, leher egiteko zorian.

“Handia da!”, pentsatu du. “Izen handi horiei ostutako garbantzu horiei esker bihurtu da handi nire izena. Baina zer dira aipuak haien egileen izenik gabe? Ezer ez. Ez da gauza bera Sokratesek esatea “gauza bakarra dakit, ez dakidala ezer”, edo eraikuntzan lanean ari den behargin analfabeto batek: egileak ateratzen dio distira esaldiari, eta ez alderantziz.

“Nire izena ere handi bihurtu da”, pentsatu du K.K.k. “Eta orain, zer egin dut? Obrari izena kendu. Eta izen barik, izana ezbaian geratu da!”

Triste dago K.K. Sabela lehertzear duela igarri du. Pilatutako jakituriak nola edo hala irten nahi du, antza. Orduan, ideia bat izan du: Muinoguren Frailegik atzera botatako lanaren fotokopiak gelan zabaldu, eta haien gainean paratu da. Puntuan, askatasunaren sentsazioa jabetu da bere gorputzaz. Zerurantz abiatzen diren espazio-ontzien jaurtiketa bezalakoa izan da: asteetan metatutako jakituria uzkitik braust atera da, gas-leherketa inkontrolatua, beheranzko umel batez zipriztindua. Eta jakituria hark guztiak, garbantzu filosofiko haiek guztiak, zoruan zabaldutako orriak blaitu dituzte, bedeinkatze literarioa mamiturik.

—Orain bai. Orain prest nago Espainiako Kritika Saria irabazteko.

Fotokopiak ordenatu eta gutun-azal batean sartu ditu. Jakina: beste argitaletxe bat aukeratu du, eta bere benetako izena jarri du obraren amaieran. Mundu guztiak jakin dezan Kirmen Kanok idatzi duela Musschetwist.

Zilborraren inguruan, Oscar Wilderen aipuak modu berezi batean egin du distira.

 

Jose Eugenio Urgoiti

 


Utzi iruzkina: