mihizterio

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-10-14 19:36

Maiz, ez dago atarramentu onik ahapeka ibiltzen direnekin. Bertute dontsu hori gehienbat emakumeekin lotzen da. Ez dakigu nolako zehaztasun estatistikoa duen uste horrek, baina badira euskaraz bi hitz neurri baten euskal gizon eta emakumeen izaera erretratatzen dutena: txatxala eta txotxolo. Auskalo bietatik zein den kaltegarriagoa, baina kontu hori beste baterako utziko dugu. Jo dezagun, bada, gaurko gaira: txutxu-mutxuka ibiltzearen on-gaitzak.

 

Atera kontuak: hainbat hots-hitz daukagu euskaraz ariketa herrikoi hori kalifikatzeko: tar-tar-tar, txor-txor, mar-mar, mur-mur-mur… Pentsatzen hasita, gaztelaniazko murmurar ez ote dator euskaratik? Baiezkoan gaude…

 

Eta marmarioan plazer hartzen duten horiei begiratuz gero, zer ikusten dugu? Bi osagai behar dira: alde batetik, ezinbestekoa da elkarren belarrira hitz egitea. Ahalik eta modu ezkutuenean larrutu behar dira enparauak. Eta, beste aldetik, behar-beharrezkoa da mihigaiztoa izatea, aho barruko sugandila pozoitsua izatea. Bi osagai horiekin, prest gaude esamesagintzan hasteko.

 

Hain zuzen ere, gaurko ezberbak esamesan ibiltzeko ekintzaren erradiografia da: mihia misterioz erabiltzearen emaitza mihizterioa da.

 

MIHIZTERIO: ixil-kontuak elkarren belarrira esateko ekintza.

 

 

Zer mihizterio darabilzue?


Utzi iruzkina: