mihipulatu

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-10-08 23:26

Hona manipulatu aditzaren berezko zentzua: “Eskuz nahiz edozein tresnaz zerbait, (bereziki, zenbait substantzia) erabili, emaitza jakin bat lortzeko”. Adibidez, sukaldaritzan elikagaiak manipulatzen dira. Hala ere, hedaduraz, aditz horrek badu bigarren adiera bat: “Norberaren edo besteren interesen mesedetan, zerbait nahiz norbait norberari komeni zaion eran erabili edo aldatu”.

 

Bigarren adiera hori nagusi da gaur egun. Google bilatzailean “manipulazioa” hitza idatzi besterik ez dugu horretaz konturatzeko. Lehen emaitzak, adibidez, gaztelaniaz idatzitako artikulu interesgarri batera eramaten gaitu: Diez formas distintas de manipulación mediática (Noam Chomskyk idatzitako zerrenda da).

 

Jakina, bigarren manipulazio mota hori ez dago eskuekin lotua, hizkuntzarekin baino. Politikariek ondo baino hobeto dakite hizkuntza haien interesen arabera moldatzen eta erabiltzen. Eskua ez, mihia erabiltzen dute horretarako. Hor daude, adibidez, eufemismoak: ekonomian ez da krisiaz hitz egiten; ez dago atzeraldirik, ezpada ze dezelerazioa. Poliziak ez du sekula ere hiltzen: gaizkileak erauziak izaten dira. Edo paramilitarren gerra zikinaz hitz egiten denean, zer adierazi nahi da? Bestelako gerrak (Iraken inbasioa, esaterako) garbiak direla? Adibide batzuk baino ez dira. Zerrenda luzea egin genezake, hemendik Plutonerainokoa.

 

Labur esanda: gauzak eskuez manipulatzen dira, baina pertsonak (eta haien ideiak), hitzez. Hortaz, manipulatu berbak lehen adierarako balio du, jatorrizko esangurarako. Bigarrenerako, beste zer edo zer behar dugu: ezberba bat, hobeto egokitzen dena manipulatu aditza entzuten dugunean ulertzen duguna adierazteko: mihipulatu. Zer adjektibo bururatzen zaizkigu mihi hitza entzutean? Mihi gaizto, mihi zikin, mihi zuri… Mihia pozoiaz lotzen dugu. Ñabardura negatiboak ditu. Sugea etortzen zaigu berehala burura, eta haren izpia. Horrelakoak dira mihipulatzaileak. Eta, egia aitortzen hasita, nork ez du mihipulatzaile bat (txikia bada ere) aho barruan?

 

MIHIPULATU: hizkuntza makurkeriaz erabili, lortu nahi den hori lortzeko.


Utzi iruzkina: