Michael Jackson

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2009-06-30 00:48

Michael Jackson naiz. Izen-abizen arruntak, arruntik badago. Zenbat Michael Jackson egongo dira munduan? Hainbesteren artean, ez da arraroa bakarren bat nabarmentzea, ospetsu bihurtzea. Hori gauza bat da, estatistika hutsa. Eta beste bat, oso desberdina, beltz arrunt bat, beltz familia arrunt bateko zazpigarren umea, izartegiko zenitera heltzea. Horrek halako lilura sortu zidan, nire bizitza aldatu zuena. Izugarria zen niretzat munduko txoko urrunenean ere  famatua izatera heldu ahal zarelako sentsazio ahaltsu hori, nondik hasita eta ezerezetik, anonimotasunaren ilunpeetatik. Egun batean dena utzi eta beraren apostolu egitea erabaki nuen, nire kasuan “zale” hitza ezer ez esatea baita.

Banekien hilko zela. Berak esan zidan. Tira, berak ez, bere argazkiak. Madison Square Gardeneko kontzertu haren ostean erosi nuen, dorre bikien aurkako erasoen aurretik eman zuen hartan. Logelan jarri nuen. Eta badakizue zer? M.J.ren aurpegia aldatzen zihoan heinean, argazkikoa ere berdin-berdin mudatzen zen. Eta ez hori bakarrik: hitz ere egiten zidan, egunero. Bere arrangurak kontatzen zizkidan. Bai, dena dakit M.J.ren gainean. Dena. Baita hilko zela ere. Horixe uste izan dut oraintsu arte, baina badut beste susmoren bat, larriagoa: M.J. oraindik bizirik dago. Akaso gorputza ez, baina bere madarikazioa bai. Bere madarikazioa besterik ezin baita izan gertatzen ari denaren erruduna.

Dena zuen kalkulaturik? Bazekien zertan ari zen, bizirik zegoela? Baiezkoan nago. Azalaren kolorearen kontu horretaz ari naiz, jakina. Bai, bitiligoaren gaitz horretaz. Horren eragina, ezaguna denez, azalaren depigmentazioa da. Melanozitoak suntsituta, orban zuriak sortzea larruazalean. Horren inguruan komunikabideek zabaldu zuten gezurrak min handia egin zion M.J.ri. Behin eta berriro errepikatzen zidan kontu hori beraren argazkiak: ez zuela azala zuritu modu artifizialean. Gaixotasunak aurrera egin ahala, orban zuriak berdintze aldera, “atzeraka” ari zen azal iluna makillaje argiaz estaltzea erabaki zuela. Beltz izateagatik lotsatuta-edo, azala apropos zuritzen ari zen gezur hori ote dago bere mendekuaren oinarrian? Bai, ezin da bestela izan.

Osterantzean zelan azaldu zer gertatzen ari den? Hauxe da benetako pandemia, gelditzerik ez duena. Internet bidez hasi zen zabaltzen. Nola deitu beharko genioke gaitzari? Antibitiligoa? Bai, antza. Kutsatu ziren guztiak zuriak baitziren. Bere heriotzaren egarriz Googlen “michael jackson” idatzi zuten zuri guztiak, hain zuzen ere. Orban beltzak hasi zitzaizkien agertzen. Oso azkar. Aste gutxiren buruan, Jackson Five taldekoen kolorea hartu zuten. Baina madarikazioa ez da hor gelditu. Beltz bihurtutako zuri horiek beraien baitan daramate izurri berriaren hazia: inguruko zuriengan M.J.k nigan sortu zuen pasio berbera eragiten dute, zulo beltz ibiltariak balira bezala. Nahikoa da begirada bat, gaitza kutsatzeko. 

Zenbat denbora beharko da zuri guztiak beltz bihurtzeko? Atzo horixe galdetu nion argazkiari. M.J.ri mendekua ikusi nion begien distiran. “Munduko zuri bakarra izateko jaio nintzen”, erantzun zidan, aurpegian ilargi betearen irribarre enigmatikoa.
 
 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: