Meteoritoa

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2023-06-30 12:00

Gaur, bazkalondoko kafea hartzen gabiltzala, deskuiduan lez, zera esan diet lagunei:

-Gaur gauean ez da jausiko meteorito bat herrian.

Isiltasuna apurtzearren esan diet, zeren adiskidetasunak deserosotasun hori dauka: isilik egon zaitezke hamar minutuan, ordu laurdenean, ordu erdian... adiskidetasun horretan ezelako arrakalarik sorrarazi barik.

Niretzat, berriz, isiltasuna objektu astuna da, itsasoaren hondora zaramatzan aingura. Are gehiago esango dut: lagunen isiltasun tematia susmagarria iruditu zait. "Seguru zerbait ezkutatzen ari direla", pentsatu dut, mesfidati. Hori du isiltasunak: hodei ilunen ekarle da, pentsatzeko astia ematen duelako. Eta pentsamenduak, astia ematen badiozu, beti jotzen du makurbide eta kataklismoetara. Seguru nago agintarien erabaki gaiztoenak isiltasunean hartutakoak direla.

Behin irakurri nuen isiltasuna hilik egoteko modu bat dela. Ados nago. Adibidez, norbaitek "egin dezagun minutu bateko isilunea" agintzen duenean, beti daukat inpresioa katabut batean sartzen nautela, bortxaz, probarazteko zer den minutu batean hilik egotea, bitarte horretan esku ikusezin batek arnasa galaraziko balizu legez.

Kikarari beste kafe-zurrutadatxo bat kenduta, isiltasun likina apurtzeko beharra sentitu dut atzera ere.

-Ez didazue sinisten, ezta? Ba nik ez dut egundo ere kale egiten nire iragarpenetan. Berriro diot: hementxe gertatuko da, gure herrian, gaur gauean.

Inork ez dit jaramonik egin. Momentu batean pentsatu dut agian ikusezin bihurtu naizela, eta nahi izanez gero aulkitik altxatu eta atetik irten beharrean horma zeharka nezakeela, ipuinetako mamuen antzera. Eta, lagunen destaina gehiagoan jasan ezinik, altxatu eta horixe egin dut: artez eta adorez joan naiz hormarantz, harik eta kristoren takatekoa hartu dudan arte. 

Orduan bai, lagunen barre-zantzoek erruki barik urratu dute isiltasuna. 

Gudan azpiraturik atzeraka doan armadaren moduan, burumakur abiatu naiz aterantz, lagunen algarak bizkarrera jaurtitako tragaza pozoituak. 

Ez dut kemenik izan buelta egin eta ezer esateko. Zer nintzen ni egoera tamalgarri hartan? Ihesean doan barraskiloa? Ez, are okerrago: ihes egiterik ez duen barea. Eta, hala ere, pentsamendu bat irristatu zait, txikia, ezdeusa, airean desegiten den burbuila baten modukoa: "hiltzen naizenean, garaiezina izango naiz". 

Eta gauean, ohean gozo-gozo ametsetan nenbilela, ez da bete nire iragarpena: meteoritoak lagun guztiak akabatu ditu.

 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: