metanfora

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-11-17 23:34

Antzina, produktu baliotsuak anforetan gordetzen ziren. Anforak ziren antzinako kulturetako merkataritzaren kontainerrak. Konturatzen zarete zer egin dugun? Anforak kontainer bihurtu ditugu! Eta pegarrak tetra-brik! Eta ordezkatze horri aurrerapena deitu diogu! Hobeto deitu bagenio pena aurrera! Baina, zer lirikotasun dauka kontainer batek? Imajinatzen duzue Ruper Ordorika “Hautsi da kontainerra” abesten? Eta zer jeinu ezkuta daiteke kontainer batean edo tetra-brik batean? Baina kasu!: jeinu despistaturen bat agertuko balitzaigu tetra-brik bat zabaltzean, inmigrazio-legea erabiliko genuke haren aurka. Listoak gara gero!

Guk anforaren silueta sentsuala maite dugu. Igurtzi-igurtzi egingo dugu, ea jeinuren bat ateratzen zaigun. Edo ardo parrastada bat, gure penak beratzeko. Hortaz, balizko ardo horren lurrunak horditurik, ezberba hau asmatu dugu: metanfora. Zer da? Metaforaz betetako anfora. Beste modu baten esanda: literatura.

 Gizakiok sorbalden gainean dugun anfora horretan gordetzen dugu onena eta txarrena. Anfora horren barruan egiten dute bor-bor ideia distiratsuek eta ideia kriminalek. Anfora horretan bizi dira maitasuna eta gorrotoa. Eta, destilatze-prozesu konplexu baten ostean, anfora horretatik ateratzen da poesia. Bai, sorbalden gainean dugun anfora hauskor hori da metafora guztien iturburua, esan ahala edo irakurri ahala benetako bihurtzen den fikzio ororen gordelekua.

METANFORA: literatura (modu poetikoan esanda).


Utzi iruzkina: