menderditu
Jaiotzean, ama erditu egiten da. Berrogeita hamar urte betetzen ditugunean, berriz, menderditu egiten gara. Bizitzaren edalontziari begiratzen diogu, eta erdi hutsik ikusten dugu. Egia esan, geratzen zaigun bizitza-ura erditik behera dago nabarmen. Eta, dirudienez, trago gozoenak eginda ditugu. Falta zaizkigunei beldurrez begiratzen diegu: ur hori minez beteta sumatzen dugu, gaixotasunen eta zahartzearen hatsa dario.
Baina berdin dio: pozik gaude berrogeita hamar urte eginda. Adin bakoitzak baditu gauza onak eta txarrak, eta guk onei erreparatzen diegu: prezio berean, nahiago dugu edalontzia erdi beteta ikusi. Gainera, zenbakiek euskaraz optimismo horri eusten laguntzen digute: oraindik berrogeitaldian gaude. Eta hirurogeira heltzen garenean, beti esan dezakegu, adina galdetzen digutenean, berrogeita denak ditugula.
MENDERDITU: Berrogeita hamar urte bete.
Gaur menderditu naiz! Hau jubiloa, gutxiago falta zait jubilatzeko!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: