Meliton Perales
Meliton Perales txingata dago, buruko torlojuak ugertuta ditu. Beralakoei “xelebre” deitzen zaie, baina ez dakit, ez ote genieke “tenebre” esan behar? Gaur ere hor dago, zapatuero legez, irratia izetuta. Ez dauka pertsokazino makalik! Eta ingurukoek ez diote askorik laguntzen: nolakoa den jakinda, hor ibiltzen zaizkio, ziri eta xaxa. Baina Melitonek ez du horren beharrik, inork burua berotu barik ondotxo daki berak zirkoa egiten. Sei kopa koñak baino ez ditu behar, horixe izaten da neurria. Seigarren insuperablea edaten duenean ez dago berarentzat ezer garaiezinik. Orduan, hauxe da bere errituala: mahai batera igo, alkondara eta elastikoa erantzi eta kristorenak esaten hasi. Eta ez du bozgorailu beharrik, ez horixe. Irratia denontzat, bolumenik handienean. Berak esaten du gainera, artolasto halakoak: “Hemen Titanlus irratia!”
Meliton Peralesi “Titanlus” esaten diogu, pintorea delako. “Zelako” idatzi beharko nuen, erretiratuta dagoelako, baina tarteka pintura poteekin ibiltzen da atzera-aurrera, bere margolanak erdi prezioan kobratuta. Pentsioarekin ez zaio bere bizioak ordaintzeko ailegatuko? Koñaka ordaintzeko lain badauka, baina San Frantzisko kalera egiten dituen bisitek zulo galanta egiten diote poltsikoan. Esan liteke hanka bat kalean, hanka bat putetxean bizi dela, horixe da Titanlusen bizitzaren gepeesea. Nork esango zien gurasoei euren semetxoa horrela amaituko zela? “Fraide izan nahi dut” esan zien egunean behintzat ez zuten horrelakorik asmatuko.
Meliton Perales fraide izanikoa da, beneditarra. Hala ere, edari eskasa irudituko zitzaion benediktinea, sei urte eginda Ziortzako hormak betiko utzi zituelako, Cognac-eko upelen mesedetan. Erabaki horretan eragin zuzena izan zuen Melitonen burutazioak, misioetara joan behar horrek, hain zuzen ere. Munduko bekatariak salbatzeko agindua eman ei zion Oroahaltsuk, abadetxekideei azaldu zienez. Kontrako zulotik joan zitzaion asmo on hori baina. Lehen borrokaldian kio. San Frantziskoko urdangateria ebanjelizatzeko ideia hark hondamendia ekarri zion. Misiotan joan, biziotan amaitu. Zer ikusi ote zuen Melitonek klub haietan, bere fedeari doministiku baten uko egiteko? Ez da gaitza erantzuten: fedearen argi irrazional hori anai atxikiaren piztuerak amatatu zuen. Eta odola burutik txorokilera pasatzen denean, ez dago letaniarik.
Gaur bere erretolika gogaikarriak ez du amairik, itxura. Hor dabil Meliton mahaira igota, parabolatan, denari bertso ateratzen. “Aski da!”, pentsatu dut. Emepehirua atera, entzungailutxoak belarrietaratu eta Kate Havneviken “New day” abestia aukeratu dut. Orduantxe gertatu da: Meliton Peralesen ahoak hurrupatu egin nau. Maelstrom batean jaustea bezalakoa izan da, konturatu orduko zurrunbiloak aulkitik altxarazi eta airean eraman nau Melitonen erraien barrenera.
Hura katedral baten antzekoa zen, baina hormak haragizkoak. Sabaitik behera, onddo psikodelikoak. Bat probatu nuen. Metastasia legez barreiatu zitzaidan desintegrazioaren zaporea, margolanen pintura mihisean urtuko balitz bezala, eskulturak jaio ziren harrira bueltatuko balira bezala, organoaren soinu eliptikoa tutuetan betiko desegingo balitz bezala. Oroitzarik gabeko orratzak, orratzik gabeko urratsak, urratsik gabeko lorratzak, lorratzik gabeko bizitzak. Eta atmosfera pozoitu hura, eta magma ustel hura, eta zorabio lizun hura. Sualako isurkari hura jausi zen orduan, eta katedral hartako magma irakiten hasi zen, eta bertan jausi nintzen, zurrunbilo hartan amildu nintzen, pozoi-laster ero hark bortxaz garraiatu ninduen, goragale-zirimola hark urrunera jaurti ninduen.
Meliton Peralesen ahotik nire aulkira hegan joan naiz, afrontuak eramanda legez. Bera lurrean etzanda dago, mahaitik jausita. Tabernaria oihuka ari zaio, alde egiteko, txerri mando halakoa, orain ea nork garbituko duen pastel hura. Bezero batzuek lurretik altxarazi eta kanpora eraman dute, arrastaka. Otsoari ere ezin zaio horrelako bizimodurik opa. Eta hala ere, hurrengo zapatuan ate horretatik agertuko da berriro, kukurrukua jotzen, San Frantzisko kaletik bueltan.
Eta munduak ere bueltaka jarraituko du, karanbola huts egin duen billar bola deslai horrek.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: