Mehatxua

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2025-04-04 10:36

Behin langile batek nagusiaren bulegora jo zuen, soldata-igoera eskatzera. Nagusiak ezetz erantzun zion, eta kanpora joateko agindu, ea nola ausartzen zen bere bulegora joaten baimena eskatu barik.

Orduan, langileak  ukabila estutu eta bulegotik alde egin zuen.

Handik astebetera, polizia etorri zen langilearen etxera.

-Nagusiak salaketa jarri du zure aurka, lehengo astean mehatxu egin zeniolako. Epaitegira joan behar duzu, deklaratzera.

Epaileak mehatxuaz galdetu zion. Langileak ezetz esan zion buruaz.

-Andere epailea, nik ez nion mehatxurik egin. Hauxe bakarrik egin nuen.

Eta ukabila estutu zuen.

Nola ausartzen zara niri mehatxu egiten?

-Andere epailea, ez dizut mehatxurik egin. Euli bat harrapatu dut, besterik ez.

Eta, ukabila zabaldurik, eulia askatu zuen.

Jakina, gertaera hura ez zen agertu telebistan ez irratian: ez zen heltzen gutxieneko bortxakeria-mailara.

Jakin zuenean salaketa bertan behera gelditu zela, nagusiak zera pentsatu zuen, langile hura arriskutsua zela, epaileak arrazoi eman baitzion.

Eta, badaezpada, soldata igo zion.

Harrezkero ez zituen langileak euli-kakatzat hartu.

 

Bernardo Kapanaga

 


Utzi iruzkina: